"Gazteria herriaren motorra denez, beti sektore kolpatuena da"
Aitor Olaizola (Parte Zaharra, 1983) eta Garazi Rodriguez (Gros, 1987) EHUko Filosofia fakultatean itxialdia egiten ari diren zazpi lagunetako bi dira. Biak ala biak, azken hiru urteetan atxilotutako 40 bat gazte donostiarretako bi dira. Politika egiteagatik zigortu dituztela salatu dute.
Zer da Gazte 1 + ez dinamika?
Aitor Olaizola. Gazteria beti izan da kolpatuena, motorra den aldetik, baina azken lau urteetan bereziki ikaragarria izan da egin dituzten atxiloketa kopurua. Orai bizpahiru hilabete Hego Euskal Herriko gazte auzipetuak biltzen eta elkar ezagutzen hasi ginen. Maila lokalean lan batzuk egiten hasiak ziren Donostian, Iruñerrian, Markina inguruan… Orokortu behar zela ikusi genuen, elkartu, eta denen artean Euskal Herrian abian den prozesuaren klabean jarrita, etorkizunean gazte bat gehiago ez atxilotu edo epaitua izatea ez onartzea.
Garazi Rodriguez. Ez datuen ikaragarrien salaketa soila, jendarteari eta eragileei aurpegia eman eta gurekin aldarri hori egin dezatela baizik. 2007tik egunera 250 gazte baino gehiago atxilotuak izan gara, horietako asko torturatuak, eta, gehienak, espetxeratuak. Kartzelaratu gintuzten, eta gutxika, kristoren fidantza ordainduta eta kontrol neurri zorrotzekin irteten joan gara. Euskal Herrira itzuli eta gazte askok auziak nahiz espetxe zigorrak pendiente ditugula ikusi dugu.
Olaizola. Gazte mugimenduan lanean ari direnei babesa sentiarazi eta animoa eman nahi diegu, atxilotu, torturatu eta espetxeratu izan daitekeen gazteei. Gu ere atxilotu gaituztelako lan egiteagatik.
Egitasmoaren barruan, itxialdia egiten ari zarete. Zergatik?
Olaizola. Itxialdia kalera irten, gure egoerak eta aldarriak ezagutarazi eta dinamika pizteko bitartekoa da. Ekitaldi nazional honen funtsa, bozgorailu izatea da. Ahalik eta eragile, sindikatu… gehienekin elkartu eta hauei konpromiso zehatzak eskatu nahi dizkiegu. Hau ez da hemen amaitzen, abiapuntua da.
Rodriguez. Ostirala arte hemen egongo gara eta jendea anima dadila, ez soilik ekintzetan parte hartzera, etor dadila gurekin egon, informatu edo lan egitera.
Olaizola. Donostialdean egin dugu, uztailean Madrilen Oarsoaldeko 22 gazte epaitzen dituztelako, eta beste 15 gazte donostiar Espainiako Auzitegi Goreneko epailaren zain gaudelako.
Zein helburu dute gazteen aurkako erasoek?
Olaizola. Gazteria herriaren motorra denez, beti sektore kolpatuena da. Gazteen kriminalizazioak eta erasoak, txikitu, eta edozein mugimendu desaktibatzea du helburu, jendea kalean lanean ez aritzea. Etorkizuna izango den sektorea sustraitik moztu, eta herri honetan etorkizunik ez egotea dute xede. Zerrenda beltzetan agertzen den jendea ere bada, edozein unetan atxilotua izan daitekeena. Beldurra zabalduz, jendea desaktibatzea lortzen dute. Horregatik, gazte oro animatu nahi dugu lanean jarraitzera. Garesti ordaindu daiteke, baina merezi du, sinesten ditugun baloreak direlako.
Hauen aurrean harresia sortu nahi duzue, nola?
Rodriguez. Atxilotuak izan gara politika egiteagatik, bildu eta lana egiteagatik, ez beste ezerengatik. Injustizia sentipena ikusten dugu jendartean. Harresia sortzera goazela esatean, konpromiso teorikoetatik ekintzetara jauzi egin behar dela diogu. Jazarpena dagoenean, jendeak parte hartzea, talde nahiz norbanakoak kalera atera daitezela.
Eragileekin biltzen ari zarete?
Olaizola. Helburua herri bezala beste dinamika bat abian jarri, eta pausoa ematea da. Egunotan, Iratzarri, gazte independentistak, Gazte Abertzaleak, Alternatiba Gazteak, sindikatuekin, arartatekoarekin eta Amnesty Internationalekin elkartuko gara. Denon artean pentsatu eta erantzun bateratua prestatzeko.
Rodriguez. Eskatu baino honen aurrean beraiek zer egiteko prest dauden galdetzeko elkartuko gara. Gu zabalik gaude.
Itxialdian zaudetela, zein da zuen egunerokotasuna?
Rodriguez.Goizean eguna planifikatu, campusean propaganda egin eta hedabideekin elkartu. Arratsaldean, berriz, ekimenak. Astelehenean epaitegi aurrean elkarretaratzea egin, eta sinatzera joan behar garenez, elkarrekin sinatu genuen. Asteartean, presoen asistentziaren inguruan lan egiteko sortu den Jaiki Hadi taldeko bi psikologo eta beste bi torturatuk tailerra egin zuten, denen artean bizipenak, sentipenak edo ondorio psikologikoak partekatzeko. Gaur (atzo), PSEren egoitza aurrean elkarretaratzea egiteko asmoa dugu; aldarria eurei esateko, beraiek azken urteetako sarekadetan erantzukizun handia, edo guztia, baitute.
Olaizola. Egunotan unibertsitatean sartzeko azterketak direla-eta gazte asko etorriko direla baliatzen ari gara, beraiekin harremanetan egoteko.
Zer egingo duzue, etzi, Usurbilen?
Rodriguez. Usurbilgo frontoian 18:30ean ekitaldi nazionala egingo dugu. Jendea animatu nahi dugu parte hartzera, herriak berak aldarrika dezan gazte bat gehiago jazartzea ez dugula onartuko, eta mezu hori ozen entzun dezatela Madrilen zein Parisen. Vendetta, Ze Esatek!, Esne Beltza, Betagarri eta Kaotiko taldeen kontzertuak ere izango dira. Sarrerak hainbat txokotan salgai daude 8 eurotan, eta egunean bertan 12 eurotan erosteko aukera izango da.
Zein egoeratan daude zuen auziak?
Rodriguez. 2009ko azaroan Segiren ustezko zuzendaritzaren aurkako sarekada batean atxilotu ninduten, beste 33 lagunekin batera; baina zerrenda, berez, 42koa zen. Denek tortura larriak salatu genituen, eta 31 espetxeratuak izan ginen. Beste 8 kideak atxilotu zituzten ere, bost Iparraldean eta hiru Italian. Denak Espainiaratuak eta espetxeratuak. Orain hilabete batzuk bermeak zehazten hasi, eta batzuk irten gara; berme altuekin eta kontrol neurri zorrotzekin. Epaiketaren zain gaude.
Olaizola. 2007ko urrian sarekada izan zen, eta hainbat operaziotan, 26 gazte atxilotu gintuzten. Horietako hamahiru espetxeratuak izan, eta urtebete eta bi urte artean egon gara kartzelan. Berme oso altua ordaindu behar izan ditugu. Inkomunikatuak torturatu zituzten, eta beste batzuk Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean atxilotu gintuzten. Iazko uztailean epaiketa izan genuen, eta hemezortzi gaztetik hamabosti, 6 urteko kartzela zigorra ezarri ziguten, Segiko kide izateagatik. Espainiako Epaitegi Gorenak helegitea ebaztearen zain gaude. Zortzi-bederatzi hilabete daramatzagu zain, eta edozein egunetan erabakia hartu, atxilotu eta espetxeratu gaitzakete.
Azken aldian izandako erabaki juridikoak ikusita, zer espero duzue?
Olaizola. Espainiako justiziaren aldetik ezin duzu ezer espero; okerrenean jarri eta lanean aurrera jarraitu behar duzu. 15 izanda baten bat errugabetu dezakete, baina zigortu eta espetxeratuko gaituztela uste dugu. Jada kondenatuta baikaude, eta hauek ez dira atzera botako. Gu zigortu arren, ahalik eta jende gehien mugitzea lortzen badugu, etorkizunean beste batzuen aurka egiteko zailtasunak izango dituzte.

(Argazkia: Maitane Aldanondo)