Hiru artisten "sinbiosia", liburu bakar batean
Dora Salazarrek, Joserra Senperenak eta Harkaitz Canok bat egin dute ‘Cuentos para adultos’ proiektuan
Arteko galeriak ‘Cuentos para adultos’ proiektua aurkeztu du. Galeriako arduradunak, Cristina de La Fuente eta Dora Salazar artista nafarraren ideia zaharrakargia ikusi du azkenean: «2.000 urtean Recorrido artista liburua kaleratu genuen. Dorak azken urteotan hainbat artista liburu egin ditu [artistak berak sortutako liburu edo kuaderno originalak]. Dorian Gray, Goya, Kafka eta Bernardo Atxaga pertsonaiak; eta Donostia, Madril, Gasteiz eta Iruñea hirien inguruan lan egin du, besteak beste. Gogotsu geunden liburu hauetako guztietako orriak liburu batean inprimatu eta argitaratzeko. Artista liburuak ez baitira saltzen…», azaldu du de La Fuentek.
Marrazkiak ez ezik, ordea, testua ere jaso nahi zuten: «Harkaitz Cano aukeratu genuen». Eta liburua osatzeko; zergatik ez, musika: « Joserra Senperenari luzatu genion proposamena. Galeria honetan aurkeztutako Lieder proiektuari ere musika ipini zion».
Cano eta Senperena Salazarren estudioan izan ziren 2009an. Bisita horretan ezagutu zuten bertatik bertara Salazarren artea. Haren eskulturak eta marrazkiak abiapuntu gisa hartuta sortu dute musika eta testua.
Tabakaleran sortutako musika
Senperenak Tabakaleran grabatu zuen iaz lan honetarako musika. Tabakalera itxi baino lehen egindako azken grabaketa izan zen, hain zuzen: «Atmosfera baten bila joan nintzen, hango giroa sentitu eta jotzeko. Tabakalera gainera artearekin lotzen dudan espazioa da».Bilera bat egin zuten hirurek elkarrekin Salazarren tailerrean: «Arreta deitu zidaten korridore luzeek, ate ilunek… eta hor erdian, Kafkari eskainitako kuadernoa, galduta egongo balitz bezala, beste pertsonaia batzuekin batera. Txori burua duten gizonak, gorputz biluziak… Orduan ez zegoen liburuan jaso duen obra definitiboa, baina haren begirada ulertzeko nahikoa izan zen».
Atxagaren ipuina
Canoren ustez, idazle baino textjockey izendatu bere burua liburu honetan: «Idazlearen funtzioa aldatzen ari dela iruditzen zait. Idaztea bakarrik ez. Batzuetan jada existitzen diren testu batzuk hartu , eta horiei testuinguru berri bat ematea egokitzen zaigu». Bere asmoa ez zen Salazarren marrazkiak ilustratzea izan: «Ez nuen jada marrazkiek esaten zutena islatu nahi. Horietatik abiatuta oiartzun bat edo kontraste bat sortu nahi nuen irudi horiekin. Testu lapurtuez, internetetik harrapatutako testuez eta nire testuez baliatu naiz. Estrategiak diferenteak izan dira. Poema laburrak, istorio laburrak, publizitatekoak, denbora pasetako gurutzegramak… Tarteka ipuin konbentzionalen bat ere egon badago. Eta hori izan da esperimentua». Cuentos para adultos argitalpenaren sarreran inoiz argitaratu gabeko Bernardo Atxagaren ipuin berri bat dago, euskaraz eta gaztelaniaz.
Salazar eskulturgilea bada ere, oraingo honetan marrazkiak erakusteko gogoa zuela adierazi du: «Marrazki asko egin ditut azken aldian. Beharra nuen liburu hau erakusketa espazio bihurtzea, galeria bera baino gehiago». Egile nafarrak hiru artisten proiektuarekin gozatu egin duela esan du: «Beti bakarrik bazaude lanean, zure gogoetetan bakartzen zara. Hau ez da marrazki, idazketa edo musika lan bat. Hau bakoitzaren lana da. Eta politena horixe da, hiruron bat etortzea eta bat ez etortzea dela aldi berean». Liburua hiru liburu direla uste du: «eta hiru aldiz biderkatuta. Marrazkien bidez irakurketa bat egin daitekeelako; musikarekin beste bat; eta testuen bidez beste bat. Ez da erraza izan proiektu hau aurrera ateratzea, baina emaitza nire ustez, kapritxozko lan bat izan da, bildumazaleentzako objektu bat».
Elkarren ibilbideak ezagutzen zituzten, «baina orain haratago iritsi behar izan dugu. Oso koktel ona dela uste dut», plazaratu du Salazarrek. Senperenak lan «oso esperimentala izan dela uste du: «Estudioan elkarrekin egon ginen behin, eta gero bakoitza aske izan zen edozer sortzeko, eta berriz topo egin dugu hemen. Sinbiosi bat izan da».
Arteko faktoriaren lehen ekoizpena dela esan du de La Fuentek: «Artearen inguruko objektuentzako saltokia ere izango dugu galerian aurrerantzean. Erakusketa areto ez ezik, saltoki ere izango da».