Laurehun etxebizitza hutsez osaturiko errolda eratu du Kepasakonlakasa elkarteak
Hauteskunde kanpainan agindutakoa betetzeko zer egingo duten galdetuko diote gobernu berriari.
Etxebizitza hutsak identifikatzeko lehiaketa jarri zuen otsailean abian Kepasakonlakasa elkarteak, eta, parte hartu duten hamar bat herritarren laguntzaz, laurehun etxebizitza huts dituen errolda osatu dute. Elkarteko bozeramaileetako batek, Jurgen Wolffek, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza hutsen behatokiak lau milatik gora dituela hirian zerrendatuta gaineratu du, «horietatik 1.500 ireki eta bertan bizitzeko pronto».
Kepasakonlakasak abian jarritako ekimenaren bidez, dena den, laurehun etxe huts egiaztatu dituzte hirian. Horietarik %20-30 erakunde publikoen esku daude.
Errolda egituratzerako garaian, etxebizitza hutsen sailkapena egin dute. Batetik, eraberritzea beharko luketen etxebizitza zaharrak leudeke. Bestetik, eraiki eta gero saldu gabe urtebete daramatenak zerrendatu ditu. Beste kategoria batean bukatu gabe bere horretan geratu diren etxebizitzak sailkatu ditu. Era horretakoak Loiolako Erriberan ikus daitezkeela erantsi du.
Hutsik dauden etxebizitza zaharrak, hala nola, Erdialdeko kale nagusietan aurki daitezkeela adierazi du Kepasakonlakasako bozeramaileak. Erakundeen esku daudenak, berriz, Amaran daudela batipat jakinarazi du. Azkenik baimenekin gorabeherak dituzten eraikinak izendatu ditu eta, horien artean, Aita Vinuesa plazan dagoen eraikin zuria jarri du adibide. Hala eta guztiz ere, horiek egiaztatutakoak besterik ez direla nabarmendu du; Grosen edo beste zenbait auzotan ere zerrenda luza daitekeela zehaztu du.
Errolda horrek jabeak eta etxebizitza sustatzaileak zirikatu eta neurriak hartzeko bultzada izan behar duela azaldu du. Erakunde publikoen esku dauden eraikinak Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu beharko lituzkeela jakinarazi du Jurgen Wolffek. Eraberritu ezin daitezkeen eraikinak bota eta babestutako alokairuzko etxeak altxatzea eta erabilerarik ez duten eraikin berriak desjabetzea proposatu du Kepasakonlakasak.
Agintaldi berriarekin egoerak bere horretan jarraituko ote duen ikusi beharko da. Dena den, etxebizitza eskubidearen aldeko bozeramaileak aditzera eman duenez, duela bi aste mahai ingurua osatu zuten udal alderdietako ordezkariekin eta plazaratutako konpromisoak grabatu zituzten. Uda igaro ondoren, agindutakoa betetzeko zein pausu emango dituzten jakiteko, gobernu berriarengana jotzeko asmoa dutela azaldu du Jurgen Wolffek.



