Aita Donostia Musika Asteak zazpi kontzertu ekarriko ditu
Larunbata, eta ekainaren 17a bitartean Aita Donostia abesbatzak Musika Astea ospatuko du. Aurtengoa hamalaugarren ekitaldia izango da, eta ohi bezala, bertako zein nazioarteko ahotsak eta musikariak entzuteko aukera izango du publikoak. Kaputxinoen elizan egingo dituzte egitarauko zazpi kontzertuak; guztiak 20:30ean hasiko dira, eta sarrera doan izango da.
Inaugurazio kontzertuan Suediako Ragnarok abesbatzak kantatuko du. Estokolmoko Erret Operako abeslariak dira. Emanaldi honetan Arrasateko Txorbela otxoteak ere parte hartuko du.
Igandean Josu Okinena piano jotzaile donostiarrak joko du. Baina ez da bakarrik izango. Errumaniako Razvan Suma biolontxelo jotzailea izango du lagun. Denbora luze eman dute elkarrekin jotzen, baina Donostian lehen aldiz izango dira bikote gisa.
Musikenerekin elkarlanean bi emanaldi prestatu dituzte astelehenean eta asteartean. Goi Mailako ikastegian ikasten ari diren Serbiako bi ikasle izango dira zuzenean. Akordeoi jotzaileak dira biak ala biak. Asteartean, berriz, hari hirukote bat izango da.
Asteazkenean gazteentzako saioa egngo dute. Udal musika eskolako haize taldea izango da bertan. Musika modernoa ekarriko dute Kaputxinoen elizara. Abba, popa eta jazzaren klasikoekin ausartuko dira eta.
Aita Donostia abesbatzak ostegunean kantatuko du Irungo Betiko Ametsarekin. Estanis Etxeberriaren omenezko kontzertua izango da. Aita Donostiako abesbatzeko kidea eta Musika Astearen aurkezlea izan zen urte luzez. Iragan astelehenean hil zen.
Azken emanaldia hurrengo ostiralean egingo dute. Bilboko Inmaculadako abeslariek eta Burgosko Voces Nostrae abesbatzak Eugene Butler konpositore estatubatuarraren obra bat interpretatuko dute.


