Bi taldek jaso dute Loiolako Lorategi Hiria eraberritzeko proposamen onenaren saria
Udalak berehalakoan Loiolako Lorategi Hiria –Ciudad Jardin– itxuraldatuko ez duen arren, eraberritzeko asmoari heltzen dionerako ez du proiektu eta egitasmo berritzailerik prestatzen egon beharko, Arkitektura Eskolako ikasle eta lizentziatu berriek ideia sorta landu baitute. Bederatzi dira maiatza hasieran aurkeztutako egitasmoak eta lauk jaso dute azken saria. Bi taldek liburutan gastatzeko 200 euroko accesita eskuratu dute, eta beste bik 700 euroko sari nagusia. Sarituen artean, Loiola josiz taldearen lana da, bata, eta LoiolaZsukaldatuZ izenekoarena, bestea.
Olatz Grijalba Arkitektura Eskolako irakasle eta lehiaketako antolatzaile eta epaimahaikideak bi lanak goraipatu ditu. Biak oso landuak direla eta saria merezia dutela zehaztu du. Onena zein den erabakitzerakoan, gainera, bien artean ez direla ados jarri adierazi du.
Loiola josiz taldeak egindako proiektuak iraunkortasuna, parte hartzea eta hirigintza planeamendua dituela aintzat zehaztu du Grijalbak. Ordenazioa, gainera, «oso ondo» dagoela gaineratu du.
LoiolaZsukaldatuZ taldeak, berriz, erabilera desberdinak «ondo uztartzen» dituela esan du Grijalbak. Plan Orokorrak finkatzen duen etxebizitza kopurua mantentzen dutela eta ahalik eta errealena izaten ahalegindu direla nabarmendu du epamahaiko kideak.
Loiola josiz
Bi lagunek osatu dute Loiola josiz taldea eta saria jaso duen Irantzuk proiektua egituratzeko jarraitutako prozesua nabarmendu du. Ez da arkitektoek euren kasa burututako egitasmoa izan, bizilagunen proposamenak ere aintzat hartu behar izan baitituzte. «Bizilagunak dira bertan bizi behar dutenak. Hortaz, arkitektoak derrigor egin behar ditu bere bizilagunen nahi eta beharrak».
Proposamen horiek jaso eta hirigintza planeamendu batean bilakatzea, ordea, ez da lan erraza izan. Auzoak dituen azpiegiturek, gainera, egitekoa are gehiago korapilatu dutela adierazi du Irantzuk.
Iraunkortasuna
Lorategi Hiria eraldatzeko, Loiola josiz taldeak bi oinarri izan ditu ardatz: bizilagunentzat atsegina eta erosoa den eremua sortzea eta iraunkorra izatea.
Bizilagunen arteko hartu-emanak sendotzeko, autoak kaleetatik kentzea beharrezko jo dute. Aurkeztutako planteamenduan, honenbestez, aparkaleku handi bat zabaldu dute, autoak auzoan barrena batera eta bestera ibil ez daitezen. Bestetik, baratzetarako eremuak sortu dituzte, Irantzuk jakinarazi bezala, herritarrek auzoarekin duten lotura indartzeko. Horrek, bide batez, bizilagunen arteko harremanak sendotu ditzakeela azpimarratu du arkitektoak.
Baratzak ahalik eta iraunkorrenak izan daitezen, euri-ura biltzen duten hezeguneak eratu dituzte; baratz horiek urez hornitzeko. Loiolako Hiri Lorategian zehar, gainera, eguzki-plakak jarri dituztela eta zaborrari irtenbidea bilatzeko, konposta sortzeko gune desberdinak barreiatu dituztela azaldu du Irantzuk.
Bizilagunen arteko harremanak estutzeko, halaber, auzuneko dentsitatea handitzeko aurreikusi dituzten eraikinetan bizilagunek partekatzeko guneak eratuko lituzteke Loiola josiz taldeak; ikuztegiak, kasu.
LoiolaZsukaldatuZ
Bost lagunek osatu dute LoiolaZsukaldatuZ taldea, lau arkitektok eta abokatu batek. Antzeko lehiaketetan eskarmentua dutela kontatu du Nagorek, aurretik ere beste bi lehiaketan hartu dutelako parte. Azkeneko lehiaketa honetan lortu dute, ordea, saririk potoloena.
Hala nola, Hernaniko Villa Ave Maria parkea txukuntzeko lehiaketan parte hartu zuten, eta accesita eskuratu zuten. Araian (Araba) herriko enparantza berrantolatzeko lehian aritu ziren; ahaleginak, ordea, ez zuen ordainik izan. Loiolako Lorategi Hiria auzune moderno bilakatzeko esfortzuagatik, baina, 700 euro poltsikoratu dituzte.
Epaimahaiaren arreta bereganatzeko, hainbat lehentasun ezarri dituzte aurkeztutako egitasmoan. Besteak beste, Urumeari bizkarra emateari utzi eta auzunea hari begira eraikitzea proposatu du LoiolaZsukaldatuZ taldeak. Gaur egungo etxeen artean eta Plan Orokorrak aurreikusten duen dentsitatearen aurrean, gainera, oreka bilatzea funtsezkoa dela aitortu du Nagorek.
Arkitekto taldeak jarraitu duen beste irizpideetako bat auzo izaera mantentzea izan da. Hala, «ia oinezko bihurtu nahi izan dugu auzoa», dio Nagorek. Autoak bigarren mailan geratuko liratekeen arren, haientzat ere aparkalekuak aurreikusi dutela aditzera eman du.
Lotarako auzo ez bilakatzea
Lorategi Hiriak, gainera, auzune bizia izan behar duela uste dute LoiolaZsukaldatuZ taldeko partaideek. Horregatik, parkeak, baratzak, gazte eta adinekoentzako ekipamenduak, aiton-amonentzako eguneko zentroa, gaztelekua eta beste hainbat berritasun erantsi dituzte egitasmoan. Auzoan bizitasun handiagoa sortuko duten guneak direla adierazi du Nagorek, «lotarako auzo bihur ez dadin».
Bi dorre
Era berean, egun auzuneak duen dentsitatea handitzeko bi etxebizitza dorre proposatu dituzte. Horietako batean, gainera, gazte eta adinekoentzako apartamentuak egokituko lituzkete, baita bulegoetarako guneak ere, enpresa haztegi gisa.
Azkenik, lehiaketako irabazleetako bat izatera heltzeko bizilagunekin batera eman dituzten pausoak azpimarratu ditu LoiolaZsukaldatuZ taldeko kideak. Bizilagunek euren proposamenak plazaratzeko prozesu ez ezik, euren ametsetako auzoa eraikitzeko, teknikoek zein betebeharri erantzun behar dieten ohartzeko ere baliagarria dela azaldu du Nagorek.
Bizilagunentzat, halaber, etorkizunean auzunea eraldatzeko Udalak aurkez ditzakeen proposamenak hobeto ulertzeko tresna izango dela uste du.



