Ehun urteko lana goraipatuz
Gaurkotasunezko gaiak aukeratzen dituzte Ceinpron ikasturte amaierako erakusketa osatzeko. Aurten Donostiako Fortuna kirol elkartearen mendeurrena hartu dute gaitzat Ernest Lluch kultur etxeko erakustaretoa betetzeko. Diseinu ikasleek imajinazio handiko eta arte ukitua duten piezak jarri dituzte ikusgai urteurrena ospatzeko.
Ceinproko arduradunek adierazi dutenez, «Fortunaren ondoan egon» nahi izan dute elkartearen mendeurrenean. Hori dela-eta, gai hori proposatu zieten ikasleei, «urte hauetan egindako lana islatu» eta eskertzeko. Besteak beste, argazki muntaiek, kirolen irudikatze dibertigarriek eta ikus-entzunezko berezi batek osatzen dute Ceinproko ikasleen omenalditxoa. Ikusgai dauden piezen artean ikasketa zentroko arduradunek «bisitariek bere buruari kirol ezberdinak praktikatzen argazkiak ateratzeko panel erraldoia» nabarmendu dute.
Xake, esgrima eta abar
Erakusketaren egileek ez dute ahaztu nahi izan, Behobia Donostiaz gain, Fortunak beste ekimen asko antolatzen dituela; esaterako, Pasealeku Berriaren igeriketa lasterketa edota Getaria-Donostia piragua lasterketa. Era berean kirol elkartearen atalen lana ezagutzera eman nahi izan dute. Hori dela-eta, Ernest Lluch kultur etxeko erakustaretoan kirol ugarietan inspirazioa duten lanak ikus daitezke. Ez dira falta, beraz, esgrima ezpatak, xake piezak edota korrika egiteko zapatak gogora ekartzen dituzten lanak.
Erakusketa honekin, Fortunaren lana goretsi ez ezik, ikasleen ekoizpena «enpresa laguntzaile eta lagunei» erakustea ere bilatzen dute antolatzaileek. Zehazkiago «ikasle eta irakasleek elkarrekin garatzen» dutena da denen begien aurrean jarri nahi dutena.
Fortunaren lana, beraz, eta horrek Ceinproko diseinu ikasleen imajinazioan eragiten duena, ekainaren 25a arte beteko du Ernest Llucheko erakusketa aretoa.



