"Hiriak ongi funtzionatuko du eta ez da ezer txarrik gertatuko"
Alderdirik bozkatuena izan da Bildu, baina bihar jakingo du alkatetza lortuko duen, 9:00etan hasiko den udal batzarrean; koalizioko alkategaia baikor dago eta herritarrei udaletxera joateko deia egin die.
Alkatetza Bildurena izango dela ziurtzat jotzen du Juan Karlos Izagirrek (Igeldo, 1963). «Aukera bakarra dago guri alkatetza kentzeko eta jende askok ez luke ulertuko», azpimarratu du. Gauzak horrela, udal batzarra bukatzean, herritarrekin hamaiketakoa egiteko asmoa du, eskerrak eman eta garaipena ospatzeko.
Aste honetan bertan, Bilduko zortzi hautagaiek zinegotzi izateko agiri guztiak aurkeztu dituzue udaletxean. Udal Gobernua zuek osatuko duzuela ziurtatu zenuen.
Bai, ziur gaude alkatetza gurea izango dela eta gobernatzeko gaitasuna izango dugula. Alderdiekin egindako bileren ostean baieztatu dezakegu, gainera. Gutxiengoan gobernatu beharko dugu; baina aldian-aldiko programa akordioak erabiliz, gure programaren zati handiena ziurtatuta egongo da. Aipatu nahi nuke, kuriosoa dela asteazkenean hirugarren bilera bat genuela EAJrekin, akordio programatikoa gehiago zehazteko. Beraiek bertan behera utzi zuten bilera eta, gero, Eneko Goiak bere burua alkategaitzat aurkeztuko zuela esan zuen, inongo frentetan parte hartu gabe. Beraz, hori salatu nahi dugu, beraiek moztu baitute hartu-emana.
Badakizue orduan zer gertatuko den bihar goizeko udal batzarrean?
Gertatu beharko lukeena eta, behintzat, gauza oso antinaturalak gertatzen ez badira, alkatetza Bilduk lortuko duela da.
Ez duzue ezustekorik espero?
Gauzak dauden bezala, aukera bakarra dago guri alkatetza kentzeko eta jende askok ez luke ulertuko; azalpen asko eman beharko lituzkete.
Herritarrei deia zabaltzen ari zarete bihar udaletxera joateko. Zer lortu nahi duzue?
Egun historikoa izango dela iruditzen zaigu, aldaketarako eguna. Beraz, herriari gonbita egiten diegu, udaletxe aurrera azaltzeko, barrura ezingo baitute sartu. Gero, hamaiketakoa antolatu dugu; txorizoa, haragi egosia, ardoa eta sagardoa egongo dira eta guztiak gonbidatuak daude. Alde batetik, eskerrak emateko eta, bestetik, ospakizun gisa. Ziur aski Kaian izango da, baina zehazteko dago tokia.
Eta hortik aurrera, zer gertatuko da?
Ba… Bilduk politika egiteko beste modu bat abian jarriko duela eta, denbora gutxi barru, jendea ohartuko dela bazegoela gauzak beste modu batera egiteko aukera. Udaletxea irekiagoa egongo da eta jendeak parte hartuko du Udalaren erabakietan. Hiriak ongi funtzionatuko du eta ez da ezer txarrik gertatuko.
Gehiengorik gabe gobernatzeak asko zailduko du zuen lana?
Azken lau urteetan Odonek gehiengoan gobernatu du, baina aurreko legegintzaldi osoa eta aurrekoaren erdia edo, gutxiengoan gobernatu zituen. Hala ere, bere proiektuak aurrera atera zituen. Orain gure txanda da, ez dugu ezer berria asmatuko, aurretik gertatu baita.
Zein izango da alkate bezala egin beharko duzun lehen lana?
Udal batzarra bukatzean, bi ezkontza ditugu eta, agian, bietakoren bat nik zuzendu beharko dut. Horretaz gain, pentsatzen ari garen lehen gauza, udal organigramaren azterketa serioa da. Udaletxeak momentu honetan zein errekurtso dituen, nola dagoen antolatuta eta langileak zertan dabiltzan. Behin hori aztertuta, lehentasunak zeintzuk diren ikusi eta berrantolaketa egin beharko dugu. Bestetik, gure ardatz nagusia, informazio eta partaidetza saila, berehala abian jarri nahi dugu. Horrek auzo guztietara jotzea eskatuko du, bertakoekin hitz egin, zein behar dituzten ikusteko.
Koalizioko gehiengoek esperientzia gutxi duzue politikagintzan, ezta?
Guk politikagintzan esperientzia asko dugu, baina gehienak kale politikan aritu gara. Badaude bestelako politika egin dutenak ere, baina kale politikak orain dauden politiko guztiek baino dezente gehiago landu ditugu. Egia da, ez daukagula esperientzia bulegoetan, baina hori ez da landu nahi duguna. Gainera, teknikariak edota hirigintzan eta lan juridikoetan lan egiteko desiatzen ari den jende asko daukagu prest. Beraz, ez dugu arazorik alderdi horretatik.
Bildu ez dela gobernatzeko gai diote alderdi batzuk. Beldur izan behar dira herritarrak?
Ez, ez. Gure ustez, diskurtso alarmista, beraiek duten beldurraren seinale da. Beldur dute, agian, aurrerantzean protagonismo gutxiago izango dutenek. Tartean egongo dira enpresari eta aberats asko, eta eraikuntza enpresen jabeak. Herritarrak konturatuko dira hiriak berdin-berdin funtzionatzen jarraituko duela. Gainera, epe motzean, geldirik ez egoteaz gain, partaidetzaren bitartez lortuko dugu herritarrak mugitzea; orain arte mugitu ez diren horiek.
Programarik ez zenutela ere esan dute. Zergatik?
Programarik ez dugula esan dutenek jakingo dute zergatik ari diren gezurretan. Maiatzaren 12an gure web orrian programa zintzilikatua zegoen, klik egin besterik ez zegoen inprimatzeko. Hainbeste kritikatu gaituzten alderdi batzuk ez dute eurena zintzilikatu. Gure programa hor egon da beti eta hilabete asko pasa genituen lantzen. Maitasun askorekin egin dugu eta nahi duenak bildu.info-n ikus dezake.
Egin dituzue lehenengo bilerak gainontzeko alderdiekin. Zer jaso duzue?
Bileren ondorio nabarmenena da, harritu egin gaituela zenbat gauza ditugun komunean; bai batzuekin, bai besteekin. Hori ikusita, harritzen gintuen ere, desberdintasunekin bakarrik geratzea PSE-EE eta EAJ. Horrekin ikusi dugu, adosten duguna begiratuko dugula eta adostu ezin dena, elkarrekin lantzeko utziko dugula. Ondorio bezala, ez da blokeo politikarik egongo eta bat egiten dugun kontu horiek aurrera aterako dira 14-15 botorekin, edota 21 botorekin, edota 27rekin, PP sartzen bada.
PPk ez du zuekin bildu nahi izan. Zer iruditu zaizue?
Beraiek jakingo dute. Guk uste dugu denekin hitz egitea ona dela. PPkoak gonbidatu genituen eta beraiek erabaki zuten gurekin ez egotea. Nahiko adierazgarria da.
Zer iritzi duzu PSE-EEn gertatutakoaz? Hau da, Odon Elorzaren postua Gascok hartzearena.
Niri ez zait besteetaz gaizki hitz egitea gustatzen. Odon Elorzari buruz esan dezakedana da, pertsona bezala ez dudala inongo arazorik izan berarekin; beti harreman ona izan dugu eta horrela jarraitzea espero dut. Baina, benetan, maiatzaren 22ko gauean, kargua uztea erabaki bazuen, hurrengo goizean hori esatea zuen onena, eta kitto. Egun hauetan esandakoak bere bukaera dezente tristetu baitu. Gero, Gascok egindakoa nahiko itsusia iruditu zaigu. Hautatua ez den pertsona batek bera sartzeko beste hiru laguni dimitituaraztea, eta, bere burua alkategai izendatzea… oso txukuna ez da.
Burumakur joan da Elorza?
Kalkulu txarrak egin zituela uste dut eta ez dut uste oso pozik egongo denik, baina hori berari galdetu beharko zaio. Nik onartzen dut Donostiaren alde egin duen lana, baina ez dugu hiri modeloa konpartitzen. Galtzen ere jakin behar da, eta, momentu honetan, donostiarrek bere aroa bukatu dela esan dute.
Nola bultzatuko duzue herritarren partehartzea?
Ez da erraza, baina borondate politikoa daukagu. Gure lehentasunen artean dago eta pentsatu dugu nola egin. Deszentralizazioa eskatzen dugu auzo eta herri guztietan, informazio sistema indartsua, baita herri kontsultak eta batzarrak ordu normalago batean egitea. Bertan, herritarrek galderak egiteko aukera izan dezaten.
Bulebarrean ‘Benetako demokrazia’ eskatu zuten.
Beraiekin egon gara duela gutxi eta hartu-emanetan jarraitzeko asmoa dugu. Azken finean, planteatzen dituzte gauza asko Bilduren filosofiarekin bat datoz.
Aurrera begira, daukazun lan guztiarekin, baikor zaude?
Sekulako ilusioarekin nabil. Ilusioarekin eta arduraz hartu dugu guztiok erronka. Ziur gaude, lau urte barru Donostia euskaldunagoa izango dela, desberdintasun gutxiago egongo direla, bai Erdialdea eta auzoen artean eta bai gizarte klaseen artean, ezkerreko politika egingo delako. Benetan jendeak parte hartuko du udal politikan.