Koro Zubillaga: "Egun guztian baratzean aritzea oso gustuko lana dut"
Baserria, baserria eta baserria; hori izan da, eta oraindik ere hala da, Koro Zubillagaren bizitza. Egiako Etxetxo baserriko lau alabetan zaharrena da, eta han bizi da eta lan egiten du gaur egun ere, goizean goiz jaikitzen denetik.
Aita zuen Etxetxokoa Koro Zubillagak (Egia, 1941); ama, berriz, Gatzagakoa. Hiru ahizpa ditu, eta bakarrik bizi da baserrian, alargun geratu zenetik. Seme-alabak, ordea, etxetik gertu ditu, eta biloba txikiak maiz izaten ditu bisitan.
Eskolako zein oroitzapen dituzu?
Sei urterekin hasi nintzen eskolan, eta 12 urterekin bukatu nuen. La Pazeko mojetara joaten ginen, gustura, baina mojak ez ziren batere zintzoak. Gogoan dut moja katalan gaizto-gaizto bat… Dena gazteleraz irakasten ziguten, eta guk ez genekien gazteleraz hitz egiten. Behin etxera ohar bat bidali ziguten, ez bagenuen gazteleraz ikasten ez genuela ezer ere ikasiko. Orduan, etxean ere gazteleraz hitz egiten hasi ginen, eta, gero, euskara ahaztu zitzaigun.
Nola berreskuratu zenuen galdutako hizkuntza?
30 urterekin ezkondu nintzen Ferminekin, eta semea eta alaba izan genituen. Ikastolara bidali genituen, eta haiekin euskaraz egiten genuen.
Baserriko lanetan lagundu beharko zenuten txikiak zinetela, ezta?
Txikitan ez, baina behin koxkortuta bai. Hiru ahizpa aritzen ginen baserriko lanetan, eta laugarrena, berriz, kanpora joaten zen lanera.
Baratzeko lana gogoko zenuten?
Belarrak ontzen, eta metak egiten… Baserriko lan guztiak egiten genituen. Baina aita atzetik beti errietan ibiltzen zen.
Aita errietan, eta ama?
Oso ona zen. Aita ere bai, baina lan egin behar zen eta gogor egiten zigun.
Animaliak ere bazenituzten?
Bai! Behiak, zaldiak, zerriak, oiloak, untxiak…
Nola banatzen zuten etxeko eta baserriko lana gurasoen artean?
Biak aritzen ziren baratzean lanean. Amak etxeko lanak goizean egiten zituen, eta gero baratzean aritzen zen. San Martingo azokara ere joaten zen ama, etxeko produktuak saltzera. Aurrerago, 16 urte inguru nituela, ama azokara eramaten hasi nintzen; zaldi karroan joaten ginen orduan.
Bizilagun guztiek ezagutzen zenuten elkar orduan?
Bai, denak ezagutzen genuen elkar, eta orain inor ere ez dut ezagutzen, nire adinekoak bakarrik. Inguru honetan dena baserriak ziren eta denak ezagunak. Egia badakizu zer zen? Tabakaleratik hasi eta eskuinaldera geratzen diren etxe horiek. Ezkerraldean ez zegoen etxerik. Gorago ere, ezer gutxi zegoen; Tejeria eta Ametzagaina ingurua, dena berria da. Gainera, hemen inguruko baserrietan bizi ziren bizilagunak Bidebietara eraman zituzten. Lehen, gehiago ibiltzen ginen denak elkarrekin; orain, bakoitza bere kontura ibiltzen da. Niretzat, lehengoa hobea zen.
Ingurutik mugitzen al zineten?
Loiolako parrokiakoak gara, eta festetan askotan jaisten ginen. Baita Aietera, Hernanira, Errenteriara… Ez ginen berandu arte ibiltzen; igandeetan, gaueko hamarretarako etxean izaten ginen. Orain ez naiz ateratzen festetan; ez zaizkit gustatzen.
Gabonak nola ospatzen zenituzten?
Ez naiz gogoratzen familiako gehiago etortzen ote ziren Gabonak pasatzera. Baina opariak izaten genituen, panpinak eta halakoak. Santomasetan, gainera, kaxa borobil bat oparitzen ziguten; barruan mazapan batzuk eta almendrak izaten zituen.
Erraza da baserritik bizitzea? Edo lan handiegia ematen du?
Lan handia da, baina ongi bizi ginen, bai lehen, baita orain ere. Hori bai, seme-alabek ez dute baserriko lanarekin jarraitu nahi izan, eta bakoitzak bere bidea egin du. Sekula ez ditugu behartu laguntzera. Nik egun guztian baratzean aritzea oso gustuko lana dut; etxean sartuta ez egoteagatik…
Nolakoa da zure egun normal bat?
Goizeko sei eta erdietan jaikitzen naiz. Gosari txikia hartu, oiloak gobernatu eta bazkaria prestatzen dut. Arratsaldean, berriz, baratzean aritzen naiz. Azkenean, ohera joaterako 23:00ak izaten dira. Eta goizean edo eguerdian, denbora hartzen dudanean, egunkaria irakurtzea gustatzen zait.
Eta oraindik ere joaten zara azokara, ezta?
Azkenaldian gutxiagotan joaten naiz, astean bi egunetan bakarrik. Gainera, lehen, denbora gehiago pasatzen nuen han; baina, orain, 07:30erako jaisten naiz, eta handik ordubetera etxean izaten naiz bueltan. Arrautzak eta loreak saltzen ditut, eta barazki batzuk ere bai.
- Txikitako jolasen bat gogoan al duzu? Bai! Sokasaltoan ibiltzen ginen, txingotan, gordeketan, eta kanikekin ere jolasten ginen.
- Bilobek asko nahasten al zaituzte? Ez. Gustura ibiltzen naiz haiekin. Ez dut uste aitona-amonak bilobak gaizki hezteko gaudenik.
- Donostia asko aldatu al da? Donostia erdialdean ez ginen asko ibiltzen gu. Hondartzara-eta bai, amonarekin joaten ginen. Donostia ez da hainbeste aldatu. Amara inguruan, esaterako, etxe pila egin dute, baina ez dut oso aldatua ikusten.