Zinegotzi izateari utziko dioten politikariak, Odon Elorzak emandako opariarekin (Argazkia: Xabier Etxabe)
Agur usaina zen atzo udaletxeko korridoreetan nagusi. Bihar goizeko 9:00etan hasiko den osoko bilkuran osatuko da hurrengo lau urteetako Udalbatza eta hiria gidatuko duen alkatea aukeratuko dute. Hogei urteko eraldaketan protagonista izan den Odon Elorzak ez du biharko bilkuran parte hartuko. Ez dagokiola, zentzurik ez duela eta lekuz kanpo legokeela adierazi du. Dena den, argi utzi du ez duela mendeku gosez egiten.
Ijenteako bulegoa utzi aurretik, baina, udal batzarretako aretoko 27 eserlekuetatik 17 libre utziko dituzten zinegotziei omenaldi txikia egin nahi izan die Elorzak. Oroigarri gisa, 1813. urteko sutearen mendeurrena dela-eta egin zen domina banatu zien alkateak.
Domina horrek, bada, «balio sentimental handia» duela aitortu du. Dominak eta elkarrekin bizitakoa uneak gogoratzeko festa txikiak zinegotzi asko hunkitu zituen. Dominak txikitutako hiria berreraikitzeko egin zen ahalegina irudikatzen duela azaldu du. Hiria duela ia bi mende kiskali eta 1863. urtean harresiak eraitsi eta hiri modernoari ateak ireki zizkioten arte, 50 urteko nahigabea irudikatzen duela argitu du. Keinu hori, honenbestez, aldaketaren ikur izan daitekeela esan du. Hiriarengatik lanean aritu diren lankideei egiten dien «agur hunkigarria».
«Agerikoa ez bazen ere elkarren artean harreman ona» dutela dio. Hala ere, sufritu ere sufritu duela aitortu du Elorzak, batipat PPko zinegotziekin izan dituzten liskarrengatik. Nolanahi ere, inori ez diola ezer leporatzeko gaineratu du.
Euskarari astindua
Hemendik aurrera, ordea, zer egingo du Elorzak? Garbi utzi du ez dela inongo sailburuorde izango, ezta zuzendari nagusi ere. Lehenik eta behin, atseden hartuko duela azaldu du. Udaletxetik irteten azkena izateari utziko dio. «Larunbat eta igandetan etortzen nintzen, ez bainekien besterik egiten; horregatik aritu naiz buru belarri».
Aurrerantzean asko irakurriko duela esan du. Informatika eta teknologia berrietan trebatzen jarraituko du, halaber. Euskarari ere astindua eman nahi dioela ziurtatu du. «Zazpi hilabetetan burutu gabeko eginbehar izateari uztea espero dut», dio.
Horrekin guztiarekin batera, aurrerantzean esku artean izango duen eginkizuna bakea eraikitzeko urratsak ematea izango da. Horretarako jendearekin harremanetan segi eta gogoeta sakonari helduko diola azaldu du.
Elorzak, era berean, ez ditu berarekin batera lanean aritu diren teknikari eta sail desberdinetako zuzendariak ahaztu. Agintaldiotan mahai gainean jarritako erronka eta arazoei aurre egiteko erakutsi duten profesionaltasuna eta motibazioa eskertu dizkie.