Jai herrikoien aldeko ekitaldia egingo dute etzi Konstituzio plazan
Besteak beste, jaiak antolatzeko eskubidea ukatu dieten jaiei berriz ere emateko eskatuko dute deitzaileek
Donostiako Jai Herrikoien Koordinadorak, Loiolako jai batzordeak eta Porrontxo Jaien antolatzaileek deituta jai herrikoien aldeko ekitaldia egingo dute Konstituzio plazan. Txosna Fashion Weeks izenpean egingo duten ekintzaren bidez, jai herrikoientzako baldintza duinak eta errespetua eskatuko dute, 19:00etan hasita. Facebook sare sozialaren bidez ezagutzera eman dute beraien asmoa eta aldarrikapen zerrenda.
Jai herrikoiak ondare kultural gisa hartzea aldarrikatuko dute, eta herri ekimenek administrazioaren babesa eta errespetua izan dezatela, «oztopoak jartzeari utziz». Horrela, jaiak antolatzeko eskubidea ukatu zaien batzordeei berriz ere ematea galdegingo dute, «zilegitasun osoko jai batzordeak direlako». Udal administrazioarekin harremana hobetu eta parte hartzea bultzatzeko xedez, elkarrizketa eraikitzailea eta Udalean jai batzorde guztiak ordezkatuko dituen batzorde iraunkorra sortzea nahi dute. Era berean, bi kontu gatazkatsu ere jarriko dituzte mahai gainean: diru laguntzak eta ordutegiak. Jai egunetan ordutegi berezi zabalagoekin batera, diru laguntzen murrizketa amaitu eta, gutxienez, 2008ko kopuruetara itzultzeko eskatuko dute.