Udaletxean normaltasuna nagusi dela adierazi du Izagirre alkateak
Gutxi iraun die Bilduko ordezkariei larunbateko jaiaren ajeak, Juan Karlos Izagirre alkatea eta gainontzeko zinegotziak igandetik baitaramate gobernua osatzeko lanean. «Igandean ordu mordoska batean» aritu ziren eta atzo, 7:45etarako udaletxean ziren Izagirre eta gainontzeko zinegotziak.
Bilduko alkateak argi utzi du lehenbiziko egunetan gauza handirik ez dutela konponduko eta dena ondo antolatu ahal izateko denbora beharko dutela. «Kosta egingo zaigu apur bat», dio. Lehen erabakiak, ordea, hartu dituzte jada: harrera gelako bost banderak kendu dituzte.
Legez hamar egun ditu Bilduk udal gobernua osatzeko. Hala, astearen bukaeran ala datorrenaren hasieran zehaztasunak emateko moduan egongo direla esan du. Nolanahi ere, sailen ardurak hartzeko, zinegotzi ez den Bilduko ordezkariren bat gobernukide bilaka daitekeela aurreratu du.
Bestalde, Izagirrek batera eta bestera joateko motoa erabiltzen duela kontatu du. Honenbestez, auto ofiziala gehiegi ez dutela erabiliko adierazi du.
Oposizioaren kexak
«Normaltasun osoz ari gara eta udaletxean denak betiko moduan ari dira lanean», dio Izagirrek; oposizioko udal taldeetako ordezkarien artean, ordea, balorazioa bestelakoa da. Larunbatean berritu zituzten Sustapena, Kultura, Herri Lan eta Proiektuak sailetako zuzendariak zein Donostia 2016 bulegoko langileen karguak.
Udal taldeen aholkulari, kargu politiko eta idazkariena, ordea, berritu gabe daude. Kargu kopurua zehaztu eta bulegoen banaketari buruz hitz egiteko udal bozeramaileak alkatearekin bildu dira.
Udal taldeen eskubideak murrizturik daudela salatu du Ernesto Gasco PSE-EEko udal bozeramaileak. Idazkaririk eta aholkularirik gabe, herritarrekin lan egin eta egunerokoari behar bezala aurre egiteko aukerarik ez dutela izan kritikatu du. «Ezer ez zela geldituko zioen alkateak; lehenengo egunean, behinik behin, udal taldeen egitekoa oztopatu dute», adierazi du Gascok.
PSE-EEko bozeramaileak, gainera, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde izaten jarraitzeko asmoa du. Donostialdeko Metroa edota Abiadura Handiko Trenari aipamen eginez, sailburuordetzatik egin daitekeen lana Donostiarentzat «behar-beharrezkoa» izan daitekeela aitortu du.
EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak ere behin behineko egoera kritikatu du. Nahiz eta hasi berri den gobernuari ehun eguneko epea ematea «logiko» iruditu, funtzionamenduaren erabakiak hasiera-hasieratik hartu behar direla uste du Gurrutxagak eta horiek ez dituztela hartu azaldu du.
Ilusio handiko eguna
Nahiz eta antolaketa aldetik gai asko zehaztu gabe dagoela esan, ilusio handiko eguna dela adierazi du lehenengoz Donostiako Udalean PP alderdiko zinegotzi den Iñigo Arcauzek. «Gobernu berriak hartuko duen bidearekin kezkatuta gauden arren, proposamen berriak aurkezteko lan egingo dugu», nabarmendu du aurreko agintaldian batzarkide izandakoak. Bi erakundeak alderatuz gero, udaletxea nahiago duela jakinarazi du, «herritarrengandik gertuago gaudelako». Batzar Nagusietan, gainera, gazteria, kultura eta turismo gaiak jorratu ditu; orain, aldiz, udal taldeak ezarritako edozein gairi irekita dagoela dio.