"Ibaiertzeko parke handi bat egiteko aukera galdu da Loiolako Erriberan"
Larunbatean Cristina Enea Fundazioak antolatu zuen irteeran parte hartu zuten batzuek adierazi zuten bezala, «Martuteneraino bakarrik ez gara joan eta sekulako bidaia izan da»; «aurkikuntza izan da». Aparteko jarduerarik ez zuten egin, baina Ur-Kirolak arraun elkarteak utzitako hiru ontzietara igo ziren partaideek Martutenetik Salamanca pasealekuraino azken urteetako hazkundeak ibaian izan duen eragina bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Askorentzat Txomin eta Martutene artean ezkutuan dauden txokoez ohartzeko osteratxoa izan zen; beste batzuentzat, berriz, oinez egunero ikus duten paisaia beste ikuspuntu batetik begiratzeko ariketa.
Txangoa gidatu zuen Iñaki Begiristain arkitektoak hiriak ibaiarekin duen lotura gune batean edo bestean aldatu egiten dela zehaztu du. Garaiaren arabera harremana ere desberdina izan da eta horien guztien arrastoari jarraipena egin zioten Martutenetik hasi Zurriolaraino. Azken batean, hiritik mugitu gabe egindako bidaiak ikuspegi kritikoa piztea zuela helburu azaldu du Begiristainek.
Kritiko agertu da, hain justu, Begiristain Loiolako Erriberan egindakoarekin, ibaiari bizkar emanez eraiki dela uste baitu. Egiako parkearekin bat eginez, «ibaiertzeko parke handi bat egiteko aukera galdu da Loiolako Erriberan», nabarmendu du arkitektoak. Hiritartze lanek hezeguneak desagerrarazi eta paduren azken aztarnei agur esan dietela adierazi du.
Loiolako pasealekua
Txalotzeko ekintzak ere badirela zehaztu du, era berean, Iñaki Begiristainek. Urki eta Loiola artean egin duten pasealekuaren asmatu dutela uste du. Horma etzana du eta landareek hazteko aukera dutela nabarmendu du.
Landareak indartsu hazten diren beste eremu bat Martutene eta Txomin Enea artekoa da, Ametzagainako parkearen bazterrean.
Txomin Enean ezkutuan dagoena aurrez aurre ikustearekin batera, «Martutene aldean ibaiak bere memoria» izan duela erakusteko bidaia izan zen larunbatekoa. Komunikazio ludikorako bitarteko izan baitzen ibaia bolada batean. «Herritarrak ibaian gora joaten ziren Martutenera dantzara». Ontziola askoren egoitza ere izan zen, oraindik ere bistan daude arrapala eta barandak.
Arrasto batzuk egun begibistan jarraitzen duten arren, ibaia erritmo bizian ari da itxuraldatzen. Eraldaketa nagusietako bat Txomin Enean aurreikusten da, bertan etxebizitza multzoa eraiki nahi baitute. Egitasmo hori ibaiaren mesederako izatea espero du Begiristainek.
Izan ere, azken urteetan ibai inguruan eraikitako azpiegiturek Urumea hondatu dutela salatu du. «Zubi bat egiten den bakoitzean egiturak jartzeko betelana egiten da eta lanak amaitzerakoan ez dira guztiz kentzen, neurri batean baizik». Mundaizeko zubian, esaterako, hanka sartze handia egin zela kontatu du: «Ibaiak bide naturala zuen, eta lanen ondorioz, itxita geratu zen».
Azkeneko bi zubiak eraikitzerakoan antzera aritu direla gaineratu du. «Duela bi aste, hain justu, Burdin Zubiaren erdian ontzi bat apurtu zen bertako harrien kontra jo ostean», dio. Martutenen ontziak egiten zituztenean, itsas beheran pasatzen zituzten; gaur egun, ordea, ezinezkoa da, sakonera oso txikia delako.
Iñaki Begiristainek gertutik bizi du Urumea ibaia. 35 urte daramatza Ur-Kirolak elkartean, ibaiarekiko atxikimendua, beraz, gaztetatik du errotuta. Hala, ubidea garbi mantentze aldera, herenegun, beste taldekide batzuekin batera, bi ordu eta erdi pasa zituen ibaian trabatutako enborrak kentzen.