Iragana ikusteko, klik bat besterik ez
Aldundiaren kultura sailak Gipuzkoa Geroztik museo birtuala jarri du abian, lurraldeko museoen funts birtualek osatuta.
Gipuzkoa Geroztik da lurraldean zabaldu den azken museoaren izena. Egoitza Donostian, Seguran edota munduko edozein txokotan dauka; izan ere, historiaren eta ondarearen museo birtual gisa definitu baitute bere arduradunek aurkezpenean. Bertara iristeko, beraz, www.gipuzkoamuseobirtuala.net Internet helbidera jo besterik ez dago; klik batera dago, alegia.
Atari berria Aldundiaren museo plangintzaren barruko zutabe nagusietako bat dela adierazi zuen jarduneko Kultur diputatu Maria Jesus Aranburuk, bertan biltzen baitira lurraldean dauden museo guztien inguruko pieza-birtualak. Pilar Auzmendi ondare zuzendari nagusiak proiektuaren xedetzat jo du horietan sortzen den ezagutza materiala bertan bateratzea. Horren adibide da, esaterako, Ontzi Museoak sortutako hainbat ikus-entzunezkoen barneratzea.
Ohiko museoetan bezala, Gipuzkoa Geroztik proiektuaren arduradunek bilduma iraunkorra eta behin behineko erakusketa ere prestatu dituzte.
Herritarren ekarpena
Iraganari Begira izendatu dute erakusketa iraunkorra. Bertan, Gipuzkoa eta berau osatzen duten herri eta hirien inguruko informazio multzoa dago. Testua baztertu ez badute ere, arduradunek ikus-entzunezko eta material grafikoen aldeko apustua egin dute. Eduki horien guztien artean interesekoa izan daitekeena aurkitzeko, bilatzaile erraza ere ezarri dute.
Atal honetan Donostia bilatzen duenak 32 erantzun jasoko ditu. Horien artean, Donostia: agian, erromatarren fondaco bat, Santa Teresako nekropolia edo Belle Epoque delakoa izeneko artikulu-multimedia azalduko direla.
Emaitzen kopurua hazten joango dela iragarri dute proiektuaren arduradunek; izan ere, museoek sortutako materialaz gain, herritarrek igorritako artikuluak barneratuko baititu. Hala ere, edukien kalitatea bermatzeko Aldundiaren teknikariek gainbegiratuko dituzte herritarrek igorritako artikulu eta materialen kalitate eta egokiera.
Hori ez da, ordea, donostiarrek eta museoaren gainontzeko erabiltzaileek Gipuzkoa Geroztik proiektuan parte hartzeko izango duten bide bakarra. Hain zuzen ere, bai bildumari eta baita museo birtualaren beraren izaerari dagokionez ere, arduradunek nondik jo beharko luketen iritzia helarazi ahal izango baitute, horretarako prestatu dituzten atal bereziekin.
Bestalde, ohiko museoetan gertatzen ez den zerbait gertatzen da Gipuzkoa Geroztik-en; bertan ikusgai dauden elementu gehienak eskuratzeko aukera dagoela. Izan ere, Creative Commons lizentziapean argitaratu baitituzte bertako eduki gehienak. Horrek esan nahi du, hainbat baldintza beteta edozeinek erabil ditzakeela. Modu horretan, Donostiak XVIII. mendean zuen itxura erakusten duen irudia eskuratu ahal izango du, besteren artea, Internet lotura duen orok.