Urtzi Murua: "Bapatekoa izan zen eta ez nuen pentsatu ere egin erabakia hartzeko"
Txikitatik jokatzen du eskubaloian eta Egiako jokalaria den arren, denboraldiko azken hilabeteetan Bidasoan aritu da.
Urtzi Muruak (Egia, 1984) Lehen Mailan jokatu du 2010-2011 denboraldian, Egia Eskubaloi Taldearekin, iaz lortutako igoerari esker. Hau da, Espainiako hirugarren ligarik indartsuenean. Profesionaletan jokatzea zer den ezagutzeko aukera ere izan du, Irungo Bidasoa taldeak Ohorezko B Mailan aritzeko emandako aukerari esker. Lehen lerroan jokatzen du.
Noiz hasi zinen eskubaloian jokatzen?
Aitor ikastolan hasi nintzen eskubaloian, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan nengoela. Gero, kadetea nintzela, Egia Eskubaloi Taldera joan nintzen. Bertan jarraitzen dut ordutik.
Zer esango zenuke Egiako taldearen inguruan?
Auzoko taldea da, familia baten modukoa. Denak lagunak gara eta larunbatetan ere, partidak jokatu ondoren, elkarrekin geratzen gara, koadrila baten moduan.
Iaz lortu zenuten hainbeste desio zenuten igoera. Lan onari esker, mantentzea lortu duzue. Pozik egongo zarete, ezta?
Oso giro ona izan dugu denboraldi guztian. Ongi moldatu gara maila berrira eta postu onean bukatu dugu gainera. Jokoari dagokionean, maila igoera nabaritu dugu, baina ez da hainbesterako izan. Esango nuke jokoa garbiagoa dela, besterik gabe. Berdin entrenatzen jarraitu dugu eta joko planteamendu berarekin.
Apirilan hasi zinen Bidasoarekin entrenatzen. Nolatan?
Bidasoako entrenatzailea gure partida batzuk ikustera etorri zela uste dut eta bere eskaera izan zen. Gabonetan deituko zuela esan zidaten, baina azkenean atzeratu egin zen. Behin Egiarekin denboraldia bukatuta, apirila hasieran deitu zidaten Bidasoakoek. Egiako arduradunekin hitz egin zuten eta arazorik ez zegoela esan zieten.
Nola geratu zinen?
Bapatekoa izan zen eta ez nuen pentsatu ere egin erabakia hartzeko.
Beharrezkoa zuten laguntza momentu horretan?
Taldekide bat lesionatu zitzaien, belauna apurtuta edo, eta jaitsieratik nahiko gertu zeuden. Horregatik deitu zidaten.
Eta baietz erantzun ondoren, zer?
Taldearekin lau egunetan entrenatu eta asteburu horretan bertan lehen partida jokatu nuen. Hasieran urduri nengoen, baina moldatu nintzen. Gainera, taldekideek asko lagundu zidaten. Jokalarietako bat txikitatik ezagutzen dut, eta gurekin Egian ere jokatu zuen aurretik.
Aldaketa handia nabaritu zenuen?
Oso desberdina izan da. Ia egunero entrenatzen dute eta beste rol bat hartzen dute.
Zenbat partida jokatzeko aukera izan zenuen?
Ligako lau partida jokatu nituen eta Kopako beste bi.
Zaleei dagokienean, zer esan dezakezu?
Etxeko azken partidan, jaitsiera jokoan zegoen eta azkenean mantentzea lortu genuen. Sekulako jendetza bildu zen kiroldegian, 3.000 jarraitzaile baino gehiago. Partida bukatzean denak saltoka hasi ziren eta, nik ezagutzen ez banituen ere, nire izenez deitzen zidaten. Harrituta geratu nintzen.
Zer eman dizu bizitakoak?
Bapatean iritsi zen eta nik ez nuen buruan halakorik. Izugarria izango litzateke Egiarekin maila horretara igotzea, baina oso zaila da. Saiatuko gara, baina hori ez da helburua.
Bidasoaren egoera ekonomikoaren ondorioz, jokalariak soldatarik jaso gabe egon dira jokatzen. Taldeko giroan eragina izan zuen?
Jokalariak kontu hori alde batera uzten saiatzen ziren. Ikusten zen arazoa hor zegoela, baina, partida hasten zenean, arazoa kanpoan geratzen zen.
Orain berriro Egiarekin entrenatzen ari zara.
Bai, betiko moduan. Oporretan, bizikleta gainean Santiago Bidea egiteko asmoa dut. Beraz, agian astebete beranduago hasiko naiz entrenatzen denboraldi-aurrean.
Badakizu berriro ere Bidasoan entrenatzeko aukera izango duzun?
Klubaren egoera ekonomikoa dela eta, uste dut inork ere ez dakiela jokatzen jarraituko duen. Suposatzen dut nik Egian jarraituko dudala.
Zer geratzen zaizu lortzeko eskubaloian?
Egiarekin maila igoera lortzea.
Baduzu gogoko talderik?
Bartzelona asko gustatzen zait.
Nola ikusten duzu eskubaloiaren etorkizuna.
Babesleen laguntza ezinbestekoa da, lehen enpresek laguntza handiagoa ematen baitzuten. Argi dago futbola eta saskibaloia aurretik daudela, asko saltzen baitute.