Yann Arthus-Bertrand, argazkilaria: "Pertsona hauei guztiei entzuten badiezu, ziur naiz zure bizitza alda daitekeela"
San Telmo Museoan ikusgai dagoen ‘6 mila milioi beste’ proiektuaren sortzailea hirian izan da. Bideo instalazioak mundu osoan zehar egindako elkarrizketak bildu ditu argazkilariak.
Donostia zerutik ikusi zuen behin, Bilbotik Biarritzera helikopteroz egindako bidaia batean, baina astelehenean zapaldu zuen lurra lehen aldiz. Izan ere, Yann Arthus-Bertrand argazkilaria (Paris, 1946) hamar urtez ibili zen hegan ‘Lurra zerutik ikusita’ (La terre vue du ciel) filma eta argazki erakusketa egiteko. Irudi haiek 2004an izan ziren ikusgai Kubo aretoan. ‘6 mila milioi beste’ proiektuan paisaiak alde batera utzi, eta gizakia bihurtu zuen protagonista. Heriotza, ametsak, zoriontasuna, lana eta familiaren inguruko galderak erantzun dituzte ia 6.000 pertsonek.
Ba al zenekien ‘Lurra zerutik ikusita’ Kubo aretoan bisitari gehien erakarri dituen erakusketa dela?
Donostian ez nintzen egon, ez nuen aukerarik izan aurkezpenera etortzeko. Proiektu oso arrakastatsua izan zen bai. Liburuak ere sekulako arrakasta izan zuen. Hiru miliotik gora ale saldu ziren. Eta oraindik ere arrakasta handia da. Hamar urtez izan nintzen buru belarri lanean. Nire ustez, irudi haien bidez planetaren edertasuna erakutsi genuen.
Zergatik izan da hain arrakastatsua?
Baikortasuna transmititu nahi genuen. Edertasun horren bidez emozioak sortzen dira ikusleengan. Ez zen soilik arte erakusketa bat; ziur nago bisitari guztiek zerbait ikasi zutela. Azken finean, ni ez naiz artista bat; kazetari bat naiz, lekuko bat. Guk zerutik ikusitakoa kontatu genuen, egia esaten saiatu ginen. Aktibista bat ere banaiz. Natura nire pasioa izan da txikitatik. Hasieran animaliak eta zuhaitzak gustatzen zitzaizkidan. 1992an hasi nintzen proiektu erraldoi hartan lanean. Lan hark nire bizitza aldatu zuen goitik behera. Planetaren edertasuna hain indartsua da… Oraindik liluratuta nago. Ez dago natura baino beste ezer ederragorik. Ezer ez. Artistak desesperatuta daude natura irudikatzeko, beste modu batera erakusteko; baina ezin dute ezer ederragorik asmatu.
Irudi haietan gizakiak sortutako pasaia berriak ere erakutsi zenituen.
Pentsa, ni jaio nintzenean bi bilioi pertsona ginen munduan. Aurten zazpi bilioi izango gara! Lurran eragin dugun aldaketa izugarria da, airetik ikusi daiteke. Edonon gaude. Zientzialariak kezkatuta daude: basogabetzea, klima aldaketa, demografia… Dakiguna ez dugu sinetsi nahi. Jende pila bat ari da irabazi asmorik gabeko erakundeetan lanean, eta jende askori ez zaio haiek egiten dutena axola. Enpatia eta maitasun apur bat gehiago behar dugu. Horri buruzkoa da, hain zuzen, 6 mila milioi beste erakusketa. Konpromisoak zoriontsu egiten zaituela deskubritu nuen. Zerbait egiten baduzu, ez duzu jarrera ezkorrik izango, zerbait egiten saiatzen ari zarelako. Kritikoegiak eta eszeptikoegiak garela uste dut. Ez dugu behar adina egiten. Eta mundua aldatu nahi badugu, zerbait egin behar dugu.
Oraindik erakusketa ikusi ez dutenei nola azalduko zenieke proiektua?
Bihotza ireki behar duzu erakusketa honetara zatozenean. Bihotzarekin ikusi behar da, eta ez buruarekin. Pertsona guzti hauei entzuten badiezu ziur nago zure bizitza aldatu daitekeela. Garenaren ispilu bat da. Milaka kilometrok banantzen gaituzte, baina ez gara hain desberdinak. Guztiok ditugu antzeko beldurrak eta kezkak. Agian, herrialde aberatsenetan beldur handiagoa diogu seme-alabak galtzeari. Aldiz, bi bilioi pertsonek nekazaritza dute bizibide. Eta ez dute animaliarik, ezta traktorerik ere… Eskuekin lantzen dute lurra, eta euren familiak elikatzeko lan egiten dute. Bizitzea eta janaria izatea da euren anbizio bakarra. Badago benetan zaila den galdera bat erakusketan: Zein da sekula izan duzun esperientziarik gogorrena? Zer irakatsi zizun esperientzia horrek? Erantzutea zaila da… Beharbada gurasoak galdu dituzu, edo emaztea, edo seme-alabak… Eta beharbada ez diozu inoiz zeure buruari galdera hori egin, baina erakusketa honetan kamera baten aurrean zaude, eta erantzun egin behar duzu.
Ez gara hain desberdinak beraz.
Ez, guztiok ditugu ametsak, guztiok sentitzen dugu maitasuna… Bereziak gara, baina berdinak gara. Uste dut guztiok antzeko beldurrak ditugula. Eta zoriontasuna… Zer da zoriontasuna? Ez dakigu zer den, baina guztiok bilatzen dugu zoriontsu izatea.
Eta zugan eraginik izan al du lan honek?
Lan honek goitik behera aldatu zuen munduaren inguruan nuen ikuskera, aktibista bihurtu nintzen nolabait. Ikusten ditudan gauzak erakutsi nahi ditut. Edonor izan daiteke aktibista. Gure proiektuak indar handia duela uste dut. Parisera eraman genuenean, esaterako, bertan esan ziguten bisitariek batez beste hiru ordu eta erdi eman zituztela bideo instalazioan. Beste erakusketetan, ordea, ordubete besterik ez dira egoten. Argazkiak, pelikulak egiten dituzunean opari mordoa jasotzen dituzu. Polita da berriz ere opari hori itzultzea. Pertsona hauek grabatzen ari zara eta gauza asko ulertzen hasten zara. pozgarria da jaso eta ematea. Eta polita da hori erakustea ondoren. Oso pozik nago. Hau ez da sorkuntza, hau ez da nire obra bat. Beraiek dira, beraiek dira hizketan ari direnak. Zoriontsu naiz bitartekari lana egiten dudalako. Mundu osoko herritarrak eta erakusketa ikusteko aukera duten bisitarien arteko bitartekaria naiz.
5.600 elkarrizketa, 78 herrialde… Proiektu konplikatua izango zen…
Finantzazioa lortzea izan zen zailena. Gure fundazioa, Good Planet, irabazi asmorik gabeko elkartea baita. Baina banekien hasieratik honek aurrera egingo zuela. Nik jakin-min handia dut. Beste herrialde batera joaten naizenean bertakoekin hitz egiteko irrikitan nago, beti saiatzen naiz norbaitekin hitz egiten. Ikasi nahi dudalako. Asko ikasi dezakegu inguruan dauzkagunekin. Eta oraindik lanean jarraitzen dugu. Errodatzen ari gara. Film berria Frantzian proiektatuko dute urriaren 31n. Egun horretan zazpi milioi izango gara munduan. Homofobiaren aurkako lan bat ere egiten ari gara. 70 herrialdetan legez kanpo baitago homosexualitatea, eta beraz, debekatuta dago maitatzea batzuentzat. Gorrotoa eta barkamenaren inguruan ere badugu beste bat. Palestina, Jerusalem eta Irak inguruan egin dugu lan. Gorrotoa kristalizatuta dagoenean hura desagertzea ezinezkoa dela pensatzen dugu, baina zergatik ez? Egun batean aldatuko da. Gogoan dut frantziarrok alemaniarrak gorrotatu izan ditugula urte luzez. Eta orain oso ondo eramaten gara.