Idatzia kaleratu dute; sinatzaileen artean Pasaiako portuko zuzendari ohi Francisco Miner donostiarra dago

Pasaiako kanpo portuaren proiektuaren hausnarketa sustatu nahi du aditu taldeak (Argazkia: Raul Perez)
Pasaiako kanpo portua birplanteatzeko eskaera aurkeztu zuten atzo iluntzean hirigintza zein ingurumen alorreko hamasei adituk. Koldo Mitxelenan ezagutarazitako testuaren arduradunen artean bederatzi donostiar daude; Francisco Miner tartean. 1978tik 1994ra Pasaiako portuaren zuzendari izandakoaz gain, Aines Arizmendi itsas gaietan ingurumen aholkularia, Pedro Maria Azkue bide kanal eta portuetako ingeniaria, Iñaki Bolibar arkitekto eta hirigilea, Christian Brase arkitekto hirigilea eta EHUko irakaslea, Santiago Eraso Donostia 2016ko kultura zuzendaria, Juan Gutierrez bide, kanal eta portuetako ingeniaria eta Pasaiako Portu eragiketen arduradun ohia, Mikel Iriondo abokatu eta hirigilea, Javier Olaberri abokatu zein ingeniaria, eta Koldo Unzeta EHUko Ekonomia Aplikatuko katedraduna.
Beraien proposamenaren berri izateko Gipuzkoako gizartearen hainbat sektoretako 100 lagun gonbidatu zituzten. Azpiegituraren ezaugarriak kontuan hartuta, proiektua berriro hausnartzeko eskaera luzatu dute ekonomia eta ekologia arrazoiak nahiz proiektuari buruzko eztabaida falta argudiatuta. Aurkeztutako dokumentua bost ardatzen inguruan antolatutako proposamenak luzatu dizkiote agintari publikoei zein iritzi publikoari.
Pasaiako badia eta ingurua biziberritzea premiazko eta presazkoa izanik, birgaitzerako kanpo portua beharrezkoa ez dela nabarmendu dute; horretarako alternatibak badirela zehaztuz. Horregatik, ingurumen, suntsipen eta kostu ekonomikoak baloratu, eta «datu nahiz zifra fidagarrien bidez», bide bakarra dela frogatzea nahi dute. Erakunde eta pertsona inplikatuek emandako jarduera ekonomikoaren, lanpostuen nahiz kostuen inguruko kopuru aldeak, eta «ingurumen inpaktu ezkorra eta itzulezina» salatu duten txostenei emandako erantzun ezak, zalantzak sortu dizkie adituei. Bestalde, krisi ekonomikoa medio, inbertsio publiko erraldoiak birplanteatzen ari direla gogoratu dute, eta ondorioz, dirutza alferrik xahutuko litzatekeela uste dutenen iritzia entzuteko eskatu dute.
Iraunkortasun irizpidea aintzat hartuz eta ingurumena zainduz, «Pasaiako portua berritu eta modernizatzea, eta, era beren, haren ingurunea biziberritzea» xede dute. Horregatik, gaia sakon eta zorroztasunez aztertu eta dauden aukera guztiak eztabaidatzeko eskatu dute. Iritzi eta ikuspuntu guztiak aintzat hartu eta baloratzea nahi dute, eta hauek bideratzeko, Gipuzkoako Aldundiaren hiritar parte hartzerako planetan Pasaiako portuaren proiektua barneratzea. Hori lortzeko, Euskal Portu Sistema bat eratzea, eta Pasaiako portuak kanpo dartsenarik gabe, sistema horretan izango lukeen lekua zehaztea ezinbestekotzat jo dute.
Eztabaida pizteko helburuz
DProposamena sustatu duen taldea anitza da, eta ia urtebete darama Pasaiako kanpo portuaren proiektua eztabaidatzeko bilerak egiten. Apirilean eta maiatzean Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako arduradun politiko nahiz instituzionalekin isilpeko bilerak egin dituzte; prestatutako txostena eman, beraien kezka adierazi eta proposamen adostua aurkitzeko topaketa gogoa azaltzeko. Alderdien arteko gatazkatik kanpo, proiektuaren inguruko eztabaida lasaia eta zehatza behar dela uste dute. Ildo horretatik, beste urrats bat eginez, beraien egitasmoaren berri eman diete hainbat eragileri, hauen ekarpen eta iritziak jasotzeko asmoz.