Mikel Alkorta: "Lehen saioa izanda, ez genekien oso ondo zer gertatuko zen"
Gipuzkoako Sega Txapelketan bigarren postuan geratu da eta, Euskadiko lehian, finalera iristea du helburu nagusitzat.
Oiartzungo Pikoketako belardian, oso lan txukuna egin zuen Mikel Alkortak (Egia, 1971) aurreko asteburuan. Joxe Gabilondo eta Igeldoko Txomin Alkorta lehengusua izan zituen laguntzaile lanetan eta, txapeldunorde izatea lortu zuen. Baserria eta herri kirolak betidanik gustatu izan zaizkio. Zehazki, duela sei urte hasi zen segan, Euskal Herriko herrien arteko txapelketaren aitzakian. «Oso erakargarria iruditzen zait sega, gogortasun ukitua du eta oso sentsazio biziak ematen dizkit», dio Asteasun bizi den egiatarrak.
Gipuzkoako txapelketan bigarren postuan sailkatu berri zara. Espero zenuen halakorik?
Goiko postuetan ibiliko nintzela espero nuen, baina ez halakorik. Lehen saioa izanda, ez genekien oso ondo zer gertatuko zen. Lehian zein maila emango zuten ez genuen oso argi.
Nola aritu ziren aurkariak zure ustez?
Bagenekien Lizaso gainontzekoak baino koska bat gorago egon zitekeela, baina urte batzuk ere badituenez, ez genekien zer gertatuko zen. Besteen artean, Arkaitz, esaterako, duela lau urte txapelduna izan zen eta, Jokin, iaz hasitako gaztea, goranzko bidea egiten ari da. Nik uste dut hiruak ere paretsu ibili ginela. Txapeldunak aldea aterako zuela bai, baina gainontzekoekin zalantza zegoen. Jokinek nik uste nuena baino lan hobea egin zuen, iaz ikusitakoan oinarrituta.
Zure burua zer moduz ikusi zenuen?
Nahiko gustura. Hasieran beste segaketa batean aritu beharko ginela uste genuen, teknikoki desberdina. Baina belarra pixka bat etzanda zegoen eta ez zegoen nik uste bezala segan aritzerik. Hala ere, ongi moldatu ginen eta ordubeteari nahiko ongi eutsi genion. Edonola, bukaerarako indarrak dezente agortzen dira beti. Saioan sentsazio polita izan nuen eta laguntzaileek asko animatu ninduten. Egia esan, urtarrilean hasi nintzen denboraldia prestatzen eta, entrenamenduetan egindakoarekin zer egiteko gai nintzen ikusteko gogoa nuen.
Txapeldunak baino 246’5 kilo gutxiago jaso zenituen. Alde handia al da hori?
Bueno, nik uste dut badela koskatxo bat. Juanjoxe aspalditik dabil segan eta asko daki; neke gutxiagorekin egiten du aurrera. Ni duela sei urte baino ez nintzen hasi. 246 kiloko aldea bada zerbait, baina beste urte batzuetan baino gutxiago behintzat. Azken finean, teknika landuz gero, inguratu gaitezkeela uste dut.
Zure lanak nahiko azkar egin zenituen. Sail guztietan bigarrena izan zinen.
Bai, baina horrek ez du asko esan nahi normalean. Sailetatik sailetara aldea egoten da eta ez nituen besteak asko jarraitu. Lizaso ikusi nuen aurretik zegoela lehen sailean eta, gutxi gora-behera sail bakoitzean alde hori mantendu zuela uste dut. Besteak tarteka jarraitzen nituen, baina ez nekien aurretik zeuden, zaila baita jakitea. Arinago eta biziago moztu daiteke, baina azpiari gutxiago helduta; eta, azkenean, balio duena pisua da, zeinek gehiago moztu.
2009an laugarren postuan geratu zinen eta, aurten, bigarren. Aurrerapausoa eman duzu, ezta?
Ez dakit aurrerapausoa eman dudan, baina teknikoki osatzen saiatu naiz. Hala ere, belazeekin zorte pixka bat behar izaten da. Egia esan, aurreko txapelketan zerbait gehiago egiteko gai nintzela iruditu zitzaidan.
Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa izango da ekainaren 26an (18:00), Zizurkilen. Parte hartuko duzu?
Bai, han izango naiz. Hori ez da nire modalitatea, baina gustura aritzen naiz. Alde handia dago, ordubetean aritzetik 3-4 minutuko saio batera.
Euskadiko Txapelketako kanporaketa, berriz, uztailaren 2an da.
Zortzi lagunek parte hartuko dugu eta lau sailkatuko dira finalerako. Asko gustatuko litzaidake finalerako sailkatzea, baina zaila izango da. Lehia estua egongo da bospaseiren artean.
Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Saltsa askoko kirola da. Belardiak aurkitu behar dira entrenatzeko eta erramintak ez daude oso eskura. Inguruan laguntza dezente behar duzu eta nork irakatsi ere bai. Azken urteetan bi urtetik behin aurkeztu izan naiz txapelketara. Aurrerantzean ikusiko dugu, ea aurtengo denboraldia nola bukatzen dudan.
2011ko Gipuzkoako Sega Txapelketa
Sailkapena:
1. Juanjoxe Lizaso (Asteasu, 50 urte). 3.459 kilo.
2. Mikel Alkorta (Egia, 40 urte). 3.212’5 kilo.
3. Jokin Etxeberria (Amasa, 22 urte). 3.154’5 kilo.
4. Arkaitz Arteaga (Baliarrain, 26 urte). 2.956 kilo.
5. Iban Pardo (Zestoa, 30 urte). 2.111’5 kilo.
