San Juan egunez egingo du Udal Gobernuak gizarte eragileekin lehen bilera
Gizarte eragile eta herritar mugimenduekin egingo duten lehen topaketaren hitzordua jarri du Udal Gobernuak. Hilaren 24ean izango da, 19:00etan, udalbatzar aretoan. Auzo elkarteak, gazte mugimenduak, ekologistak, elkarte feministak, auzoetako jai batzordeak, adinekoen elkarteak… Denera, ehun ordezkaritik gora elkartzea espero dute.
Hiria gobernatzeko bitarteko berriak finkatu nahi ditu Bilduk, eta horretarako, eragile guztien iritziak jaso nahi ditu. Datorren ostiralean egingo duten lehen hartu-emanak, beraz, elkar ezagutzeko balioko duela adierazi du Juan Karlos Izagirrek.
Gobernuak hurrengo urteetan garatuko dituen ardatz nagusiak ezagutzeko ekimena izango da. Ardatz horiek garatzeko, gazteekin eta auzo elkarteekin lan egitea «oso garrantzitsua» izango dela adierazi du Izagirrek. Aiton-amonei ere udal administrazioarekin lan egiteko ateak ireki nahi dizkiete, haien «eskarmentua aprobetxatzea ezinbesteko» iruditzen baitzaio alkateari.
Saila indartu
San Juan eguneko topaketa horretan nahiz hurrengo aste eta hilabeteetan antolatuko diren bilerak zuzentzen eta mahai gainean jartzen diren proposamenak jasotzen Herritar Partaidetza saileko langileak arituko dira. Sail hori, halere, goitik behera aldatuko dutela iragarri du alkateak, indartu egin nahi baitute. Giza baliabide gehiago eta inbertsio ekonomiko handiagoa egingo dutela nabarmendu du Izagirrek.
Herri kontsultak
Elkarte eta norbanakoen eskaerak entzuteaz gain, partaidetza are indartsuagoa izan dadin, orain arteko dinamikak aldatu nahi ditu Udal Gobernuak. Honenbestez, udalbatzarrak nahiz gainontzeko udal batzordeak irekiak beharko luketela uste dute, «herritarrek zinegotziei zuzenean galderak egiteko aukera izan dezaten».
Iritziak jasotzeko, halaber, herri kontsulta Udal Gobernuak bere egin nahi duen tresna dela azpimarratu du Bilduko ordezkariak. Hori guztia aurrera atera ahal izateko, «baliabideak eta denbora» eskaini behar zaizkiola dio.
