Jose Antonio Sistiagaren pinturan zehar bidaia
‘Lorategi irudikatu bateko islak’ erakusketa aurkeztu dute Koldo Mitxelenan; artistaren ibilbidea jaso dute bertan
Bilbon aurkeztu zuten 1996an Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) artistari eskainitako lehen atzera begirakoa. Orain Koldo Mitxelenan margolari, marrazkilari eta zinemagilearen ibilbide luzeaan zehar bidaia egiteko erakusketa aurkeztu dute. Parisko Pompidou zentroko Jean Michel Bouhours zuzendari kontserbatzailea izan da Lorategi bateko islak erakusketaren arduraduna. Zinema esperimentalean aditua da, eta «Sistiagaren zinemaren jarraitzailea».
Erakustaretoan 107 artelan bildu dituzte. Sistiagaren lehen obretatik hasita, bukaera arte. «Erakusketa honekin ez dugu atzera begirako bat egin nahi izan, obrek euren artean islatzen dutena azaltzea izan da gure helburua», argitu du Bouhours-ek. Pelikulak eta pinturak, hainbat euskarri, formatu eta teknika desberdinetan egindako artelanak daude. Oihal, kartoi zein paper gainean margotutako olioak eta tintak, esaterako. 1958 eta 1961 urte bitartean egindako pintura beltzak dira Sistiagaren lehen obrak. Zeluloidean margotutako filmen proiekzioak ere daude ikusgai. ‘Ere Erera baleibu…’ (1968-1970) digitalizatu egin dute, eta proiekzio gisa ikusteko moduan jarri dute areto batean. Kamerarik gabe inoiz egindako luzeena da. Pintzel, errotulagailu eta tintekin margotutako filmak dira: «Lan hau zuzenean margotu nuen zeluloidean, emaitza nolakoa izango zen pentsatu gabe. Sarreran ikusgai dagoena, Han, ordea, animazio gisa sortu nuen. Nik proiektatu nahi nuena marraztu nuen», esan du Sistiagak.
Marrazki erotikoak; Kandinsky inspirazio gisa hartuta egindako margolanak; eta kosmosari eskainitako pinturak. Hain zuzen, gela ilun batean zintzilikatu dituzte gaueko zeruari eskainitako pinturak. «Zinema eta pintura euren diziplinen mugetara eraman ditu Sistiagak. Zinema soilik ilunpetan ikusi daitekeen zerbait da, eta pintura, ordea, egunez egin daiteke soilik», azaldu du Bouhoursek. Moneten kolore biziak eta paisaiak gogora ekartzen dituzten margolan erraldoiak ere badira, lau urtaroei eskainitakoak.
Erakusketa honetan bere ibilbide luzean egindako lanaren «zati txiki bat besterik» ez dagoela aitortu du Sistiagak: «Oraindik gogoan dut 13 urterekin egin nuela nire lehen erakusketa. Nire lagun baten etxean. Bere amak, gaizki gogoratzen ez badut Chanelekin egiten zuen lan eta bere etxean jantziak erakutsi ohi zituen. Gela bat utzi zidan nire lanak erakusteko. Greziako egile klasikoen obratan inspiratutako marrazkiak ziren». Denboran atzera egitean eta bere obra zaharrak begiratzean nostalgiarik sentitzen duen galdetzean ezezkoa eman du artistak; hunkituta esan badu ere: «Nostalgiarik ez dago. Oso hotza naiz. Matematikari edo ingeniari baten burua izan behar dut. Nostalgiarik ez dago. Jakin-mina bai, ordea. 1956an egindako koadro bat ikusi dut erakusketan. Denbora asko pasa da azken aldiz ikusi nuenetik. Bitxia da ikustea nola pintatzen nuen Parisen, 24 urterekin». Kuadroek «berenez hitz egiten dute», jarraitu du Sistiagak: «Lorategiak naturari, hezkuntzari eta zinemari egindako erreferentzia dira. Nire ibilbidean garrantzia handia izan duten osagaiak hain zuzen».
Arteaz gain politikaz ere hitz egin zuen prentsaurrekoan atzo. Odon Elorzak «dimititu egin duelako, edo kanporatu egin dutelako pozik» dagoela aitortu du: «Arteari dagokionez egin duen guztia negatiboa eta ezin txarragoa izan delako. Caro Baroja plazako lurra kendu zuen nirekin hitz egin gabe. Donostia 2016 lortu nahi duen honek bere teknikariak bidali zituen nire obra deuseztera, nirekin hitz egin gabe».
