Pedro Aguileraren ‘Naufragio’ filma zinema aretoetara iritsi da
Daniel Defoe-ren ‘Robinson Crusoe’ eleberrian bezala, Pedro Aguileraren ‘Naufragio’ filmeko protagonistak Robinson du izena. Txanela handi batean irtsi da Afrikatik Almeriako kostara. Penintsularen iparraldera egingo du bidaia, ezagutzen ez duen gizon bat hiltzeko. Ginea Bissauko Solo Toure etorkina sartu da pertsonaia nagusiaren larruan. Ramon Barea, Kandido Uranga eta Iñake Irastorza euskal aktoreekin egin du lan. Pedro Aguilar zinemagile donostiarrak Bilbon aurkeztu zuen prentsaurrean bere bigarren pelikula. «Irakurketa bat baino gehiago» izan ditzakeela adierazi du, baina guztiaren gainetik «pertsonak ikusteko dugun moduarekin» hautsi nahi izan du: «Gizon beltz bat ikusten duzu kalean eta etorkina dela uste duzu, eta gorbatadun pertsona bat ikusten duzu eta bulego batean lan egiten duela uste duzu. Pertsonak sailkatzeko joera dugu, modu oso sinplista batean ikusten ditugu». Horregatik, hain zuzen, Aguilerak etorkizun hobe baten bila etorri den etorkinaren topikoa hautsi du. Haren ustez, «ez da immigrazioari buruzko filma». Protagonista «ikono» eta «abstrakzio» gisa sortu du. Gaur Bilbo eta Gasteizeko zinema aretoetan estreinatuko dute ‘Naufragio’. Donostian «datozen asteetan» aurkeztuko dutela adierazi du filmaren ekoiztetxeak.
