Rock, blues eta country gaua, The Riff Truckers eta Jon & Sugramas-ekin
Harrobia Zuzen kontzertu programaren bosgarren emanaldia izango da bihar Dokan, lehen denboraldiko azkena
Iragan urrian abiatu zen Harrobia Zuzen egitasmoa. Willis Drummond eta Yelow Page taldeen kontzertuarekin estreinatu zuten kontzertu programa. Ordutik hona Mantisa, Sarkor, Splitt 77, Fairlight, Cobra eta Trumbo taldeak igo ditu Dokao eszenatokira. Lehen denboraldiaren azken kontzertua bihar, ostirala, egingo dute. Gernikako The Riff Truckers eta Elgoibarko Jon & Sugramas taldeek joko dute. Rock, country eta blues gaua izango da. Emanaldia 20:30ean hasiko da, eta sarrerak 5 eurotan izango dira salgai.
Harrobia Zuzen kontzertu egitasmoa Donostiako zuzenekoen eskaintza aberasteko asmoarekin jaio zen; Harrobia Lantzen uhinzine eta irratsaioaren ekimen gisa. Donostiako musikazaleei Euskal Herriko musika eszena gerturatu eta haiekin gozatzeko aukera eman nahi die: «Askotan joera kanpoko taldeak ekartzea da, guztiz beharrezkoa, baina batzutan ahaztu egiten dugu Euskal Herrian dugun musika eszena interesgarria dela», adierazi dute arduradunek. Lehen denboraldiaren harrerarekin pozik badaude ere, egoera «kezkagarria» dela aitortu dute: «Halere, zorionez oraindik bada irrati formuletatik, publizitatetik eta mainstream mundutik kanpoko musika estimatzen duen jendea; doinu berriak ezagutzeko irrika duena».
