Uda honetan bere horretan mantenduko dute uharterako ontziralekua
Abenduan iragarritako kaiaren berrantolatze lanak atzeratu dira, proiektua noiz idatziko zain.
Azken urteetako toki berean mantenduko dute, uda honetan ere, Santa Klara uhartera joateko zerbitzuaren ontziralekua.Sasoi honetarako aldaketak iragarri bazituzten ere, Karmengo Amaren Arrantzaleen Kofradiako idazkari Iñaki Arbidek Irutxuloko Hitza-ri jakinarazi dio oraindik ez dutela proiektua jaso, eta, ondorioz, ezinezkoa izango dela lanak uda honetan hastea.
Arrantza nasaren berrantolatzeak motora zerbitzuaren ontziralekua aldatzea ekarriko du, baita ontzi bisitarientzako 120 metro pantalan ere. Arrantzaleak proiektua idatzi behar duen enpresaren zain daude, beraien oniritzia ezinbestekoa delako lanei ekiteko. Arbidek azaldutakoaren arabera, «datorren asterako-edo» espero dute dokumentua. Baina, horrek ezinezkoa egiten du aurtengo udan lanak hastea, eta, ondorioz, uharterako ontzien atrakalekua, zein gainointzeko gune eta erabilerak, bere horretan mantenduko dituzte.
Lanetarako 500.000 euro
Iazko abenduaren bukaera aldean Jaurlaritzako Garraio sailak, Donostiako Udalak eta arrantzaleen ordezkariek Donostiako kaian zerbitzuak eta erabilerak aldatzeko proiektua aurkeztu zuten, xedea portuko jardueraren irautea bermatzea zela. Aurkeztutakoak hiriko kofradiak prestatutako egitasmoa zuen oinarri, eta bi ideia nagusiren gainean sortua zen. Lehena, ur-laminaren berrantolatzea; eta bigarrena, lonjaren eraberritzea. Jaurlaritzak bi ardatz horietako lehena gauzatzeko 500.000 euro bideratuko zituela iragarri zuen, baita uda baino lehen lanak eginak egongo zirela aurreratu ere. Hala ere, proiektuaren idazteak atzerapena izateak atzeratzea ekarri du.

