Maialen Garcia: "Informazio asko eta laguntza ematen didate taldekideek"
Nazioarteko Champions Challenge-an parte hartuko du Espainiako Selekzioarekin, Dublinen; bihar jokatuko du lehen partida.
Realarekin denboraldi bikaina egin ostean, selekziorako hautatua izan da Maialen Garcia (Bidebieta, 1990). Selekzioko beheko kategorietan ere egona da aurretik, baina aurten lehen aldiz lehiatuko da nazioarteko txapelketa batean, maila Absolutuan. Realeko beste bi jokalari joango dira berarekin, Trintxerpeko Anabel Flores eta Mari Lopez bizkaitarra. Lehen fasean, Azerbaijan, Irlanda eta India izango dituzte aurkari. Bihar jokatuko dute lehen partida eta ekainaren 26an bukatuko da txapelketa.
Aspalditik jokatzen duzu hockeyan?
Hamabi urterekin hasi nintzen, Santo Tomas Lizeoko taldean. Pixkanaka Realean sartzen joan nintzen eta kadete eta jubenil mailetan bi taldeetan aritu nintzen. Beraz, sei urte daramatzat Realean.
Aurreko urteren batean ere selekziorako hautatua izan zara?
Iaz uda osoa beraiekin entrenatzen pasa nuen, baina, azkenean, ezin izan nuen Munduko Txapelketa jokatzera joan. Aurreko urteetan, ordea, beheko maila guztietako selekzioko taldeetan jokatu dut; 16 azpikoa, 18 azpikoa eta 21 azpikoa. Horiekin Lau Nazioetako Txapelketa, Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketetan jokatzeko aukera izan dut.
Aurretik ezagutzen zenituen taldekideak?
Ligan jokatzen dugu guztiek eta oso ongi ezagutzen gara. Gainera, iazko udaran beraiekin entrenatu nuen eta, aurten ere, hilabetean behin edo bitan Madrilen edo Bartzelonan elkartu izan gara entrenatzeko. Urtean zehar osatu dugu taldea gutxi gora-behera, beraz, badakigu zerekin topo egingo dugun.
Taldeko gazteenetakoa izango zara.
Bai. Badago ni baino gazteagoren bat, baina gehienek 25 urte baino gehiago dituzte.
Ongi moldatu zara taldekideekin?
Erraz jokatzen dugu. Informazio asko eta laguntza ematen didate taldekideek; beti daude laguntzeko prest. Gazteenetakoa naizenez, taldekideak gehiago kezkatzen dira. Orain arte jokatu ditugun partidetan gustura aritu naiz.
Oso desberdinak dira Realean jokatzeko modua eta selekziokoa?
Bai, bai! Selekzioarekin erabiltzen duguna, ohikoena da, ia talde guztiek erabiltzen dutena. Erraz moldatzen gara.
Zer suposatzen du zuretzako, lehen aldiz, maila gorenean selekzioen arteko nazioarteko txapelketa batean parte hartzeak?
Gustura nago eta sekulako ilusioa egiten dit. Lehengo astean elkartu ginen taldekideak eta bi jokalari kanporatu behar zituzten. Beraz, parte hartzeko aukera izango nuen zalantzan nengoen oraindik. Gauzak ongi egin dituzte eta, guztiek maila ona eman dugu; beraz, azken unera arte ez dugu jakin zein geratuko zen kanpoan.
Zein fasetan banatzen da Champions Challengea?
Txapelketa lau taldeko bi multzotan banatua dago. Lehen fasean, multzo bakoitzeko talde guztiek guztien aurka jokatuko dugu. Gero, sailkapenaren arabera, bi multzoko taldeen arteko partidak jokatuko ditugu.
Ezagutzen dituzue zuen multzoko aurkariak?
Azerbaijan ezagutzen dute taldekide gehienek, bere aurka jokatu baitute. Ez dut uste zaila izango dugunik, baina ez dakigu ziur zer topatuko dugun, urtero aldatzen baita. Indiak eta Irlandak, berriz, antzeko maila dutela uste dut.
Zein izango da taldearen helburua?
Talde hasi berria gara eta moldatzen ari gara. Txapelketa honek horretan lagunduko digu.
Hautatutako Realeko beste bi jokalariek esperientzia dute.
Maria atezaina da eta urte dezente daramatza absolutuarekin jokatzen; Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen. Anak ere badu esperientzia eta Munduko Txapelketan ere jokatu zuen. Hala ere, aurten dena berria da, Salva Indurain hautatzailearen lehen urtea baita.
Laster beste txapelketarik izango duzue?
Europako Txapelketarako prestatzen ari gara. Zein mailetan gauden jakingo dugu orain, eta, abuztu erdialdean, jokatuko dugu Europakoa, Alemanian. Europakoa oso garrantzitsua izango da, Olinpiar Jokoetarako txartela lortzen saiatuko baikara.
Nola daramazue Realarekin Ligako finalean gertatutakoa?
Horrela gertatu zen eta epaileen erabakien aurka ezin dugu ezer ere egin. Alde ona begiratzen saiatu gara, Liga ona egin dugula eta taldean oso giro ona daukagula. Ahal dugun moduan aurrera egin eta datorren denboraldiari begira jarri gara.

