Sariketa, apainketa, txapelketa, erakusketa
Sariketa, apainketa, txapelketa eta erakusketa hitzek ez lukete oso bertso egokia osatuko. Hala ere, errealitatetik ateratako multzo horrek aste honetako pasadizoa ederki laburbiltzen du. Hain zuzen ere, txapelketa batean baino bertsolari gehiago bildu zirelako Sariketa tabernaren apainketa berriak osatzen duen erakusketa ikusi eta epaitzeko.
Aski ezaguna da Fermin Calbeton kaleko Sariketa taberna donostiarren artean. Askorentzat Bilintx edota Txirrita bertsolarien argazkia ikusi zuten lehen aldia, eta tokia ere, izango zen. Jose Mari Uzkudun ostalariak duela 33 urte apaindu zuen ostatua lehen aldiz. Bertsozaletasunak bultzatuta, tabernariak bertsolari klasikoen argazkiak eta piezarik ezagunenetakoak erabili zituen negozioari berezko itxura emateko. Lanku bertso zerbitzuetako kide Unai Elizasuk esan duenez, «bertso klasikoak, oso-oso ezagunak erabili zituen orduan».
33 urte Bilintxen begipean
Gutxienez bi donostiar parrandazale belaunaldi pasatu dira 1978tik gaurdaino argazki horien artean. Bien bitartean, bezeroak, bertsoak eta Donostia bera gogotik aldatu dira. Hiru hamarkadaren bueltan Uzkudunek tabernaren apainketa berritzea erabaki zuen, baina bere bertsozaletasuna bere horretan mantentzen denez, gai berari heldu dio. Hori dela-eta, Lanku bertso zerbitzuen enpresa eta Bertsozaleen elkartearekin harremanetan jarri zen, eta horren ondorioa da gaur egun tabernak duen itxura berritua.
Donostiako bertso-gida
Sariketaren jabeek ez dute ahazten Donostian daudenik. Hori da, hiriaren 31 gune, pertsonaia edo ohitura aukeratu eta 31 bertsolariri gaitzat eskaintzeko arrazoia. Hauek botatako bertsoek eta Gari Garaialde argazkilariak gai beraren inguru sortutako irudiek hiria ezagutzeko moduko gidatxoa osatu dutela dio Elizasuk. Txantxiloren irudia, izozki parea, San Sebastian eguna edota bertso txapelketako Balda pilotalekuko finalak dira, besteak beste, ikus daitezkeen irudiak.
Jexux Mari Peñagarikano, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi… egungo bertsolari puntakoak dira hiriaren irudiei hitzak jarri dizkietenak, musu-truk jarri ere. Uzkudunek bihotzetik eskertu nahi izan die beraien parte hartzea. Zein da horrelako taldeari eskerrak emateko biderik onena? Afaria.
Asteazkenean egin zuten afaria, baina horretara joan baino lehen Sariketatik bertatik pasatu ziren 31 bertsolari horietako askok beraien lanaren emaitza ikusteko. Aukera izan zuten ere futbol talde gisako argazkia ateratzeko, esan bezala, gutxitan elkartuko baitira horrenbeste bertsolari entzutetsu. Agian berriro gertatuko da Sariketa tabernako apainketak erakusketa aldatzen duen egunean: 33 urte barruko txapelketa.

