Hamar sailez osatutako udala
Juan Karlos Izagirre alkateak hiriko Udal Gobernua aurkeztu du, gaur goizean. Bilduko zinegotziek hartu dituzte kargu gehienak, baina zinegotzi ez diren bi kidek ere, kargu bana hartu dute; Javier Vitoria eta Nere Txapartegi. Elorzaren aurreko Gobernuak 15 sail zituen bitartean, egungoak hamar izango ditu.
Honela geratu dira sailak:
Juan Karlos Izagirre: Alkatetza. Giza eskubide eta oroimen historikoaren ardurak hartuko ditu, halaber.
Ricardo Burutaran: Etxebizitza eta Hirigintza saila.
Jon Albizu: Ongizatea, Lankidetza eta Mugikortasuna. Hirugarren alkateordea izango da.
Josu Ruiz: Kirolak eta Garapen Ekonomikoa. Sail horren baitan Turismoa eta Sustapena egongo dira. Lehenengo alkateordea izango da.
Nora Galparsoro: Hiri Azpiegiturak eta Zerbitzuak.
Herri Lan eta Proiektuak eta Bide Publikoak izena zuten sailen eginkizunak beteko ditu, baita zaborren kudeaketa ere. Bigarren alkateorde eta Bildu taldeko bozeramailea izango da.
Asier Jaka: Informazioa, herritaren partehartzea eta ingurumena.
Naiara Sanpedro: Berdintasun, Migrazioa eta Gazteria saila. Hezkuntzarekin lotutako gaiak bere gain hartuko ditu.
Nekane Burutaran: Giza Baliabideak eta Herri Babesa saila. Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen ardura izango du.
Jabi Vitoria, bankuko langilea: Ogasuna.
Nerea Txapartegi, Aitor Ikastolako irakaslea: Kultura eta Euskara saila.
Goizeko 10:00etan egin dute lehenengo gobernu batzarra. Aurretik, bozeramaileen batzordea elkartu da. Udal Gobernua aurkezteaz gain, bulegoen banaketa berria adostu dute eta Donostiak 2016an Europako Kultura Hiriburu bihurtzeko hilaren 22an egin behar duen defentsaren inguruan hitz egin dute. “Udal ordezkaritza zabala” joango dela esan du Izagirrek.
Orain batzordeak osatzeari ekingo diote. Udala osatzeko udalbatzarra uztailaren erdialdean izango dela aurreikusi dute.

