Izagirre eta Elorzaren eskutik bihurtu nahi dute 2016an hiria Kultura Hiriburu
Astebete baino gutxiago falta da 2016an Europako Kultura Hiriburu bilakatuko den hiria zein izango den ezagutzeko. Epaimahaiak hurrengo asteartean, 17:00etan, jakinaraziko du Kultura Ministerioko entzunaretoan irabazlearen izena. Bezperan, baina, Donostiako ordezkariek azterketa mardulagoa dute, proiektuaren defentsa egin beharko dutelako 12:30etik aurrera.
Ordu erdiko denboran Donostiak duen onena eskaini beharko du, epaileen arreta bereganatzeko. Aurkezpenean parte hartuko duten hamar lagunek eta babesa eskaintzen egongo diren beste bostek izango dute proiektuaren magia zabaltzeko erantzukizuna. Lehen galbahea igaro zutenean, erakundeetako ordezkariek eta aukeratutako hainbat herritarrek egin zuten kontakizunak denak txunditu zituen. Oraingoan, aurrekoan erakutsitako mailari eustera bakarrik ez, hobetzeko asmoz joango dira Madrilera.
Epaimahaia ezustean harrapatzeko asmoz, Donostia 2016 bulegoko arduradunek ez dute ez partaideen ezta antzezpenaren inguruan ere apenas aurrerapenik egin. Bi partaide esanguratsuren berri eman dute soilik: Juan Karlos Izagirre alkatea eta Odon Elorza alkate ohia. «Atzo (herenegun) arratsaldean deitu nion, Kultura Hiriburu izateko Madrilera joango den ordezkaritzarekin bat egiteko», esan du Izagirrek. Alkate ohiak hautagaitzaren alde egin duen lana nabarmentzekoa izan dela eta haren eskarmentua «aktibo garrantzitsua» izango dela gaineratu du. Santi Eraso kultur programaren arduradunak udal talde berriak egitasmoarekin bat egiteko egin duen ahalegina goraipatu du.
Elorzarekin batera, Izagirre bera eta Jon Albizu Bilduko zinegotzia joango dira. Oposizioko bozeramaileak gonbitatu dituzte, ahalik eta ordezkaritzarik indartsuena osatzeko. Eusko Jaurlaritzari ere laguntza eskatu diote eta bihar osatuko den aldundi berriarekin ere harremanetan jarriko dira.
Dena den, ordezkari politikoek baino, hilabeteotan proiekturik erakargarriena osatzeko lanean aritu diren gizon-emakumeak izango direla ardatz zehaztu du alkateak.