Laso Real Madrileko entrenatzailea izango da datozen bi denboraldietan
Gipuzkoa Basketek hamargarren urtebetzea ospatuko duen bitartean, Gasteizkoak kluba agurtuko du
Gipuzkoa Basket jaio zela hamar urte beteko dira larunbatean. Urtebetetzearen harira, klubeko arduradunek festa antolatu dute ostiralerako eta, horren berri emateko, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Albiste hori, ordea, ezerezean geratu da Pablo Lasoren inguruko azken berriarekin. Izan ere, zurrumurruak baieztatu ditu Real Madrilek, gaur arratsaldean, bere webgunearen bidez: “Pablo Laso Real Madrileko entrenatzeile berria da”. Madrileko taldeak “etxekotzat” jotzen du Laso, Madrilen jokatu baitzuen 1995-96 denboralditik 1997-98ra bitartean. Azken lau denboraldietan, berriz, GBC zuzentzen aritu da Gasteizkoa; 2007-08 denboraldian taldearekin ACBra igoera lortu zuenetik.
Lasok duela aste batzuk kontratua berritu zuen hiriko klubarekin; baina, gaur, berriz, bi urteetarako beste kontratu bat sinatu du Real Madrilekin. Zehazki, 16:30ak inguruan, GBCk prentsa ohar bat bidali du, albistearen berri emateko. Real Madrilekin akordio batera iritsi direla dio eta Lasori aurrerantzean onena opa diola. Bestalde , Lasok datozen egunetan Donostian agurtzeko prentsaurrekoa emango duela jakinarazi dute.
Gauzak horrela, bitxia dirudi, Ramonedak goizeko prentsaurrekoan esandakoak. Argi utzi baitu, kontu horren inguruan berak ez dakiela ezer ere ez. “Zuen berdina dakit, prentsan irakurritakoa. Gurekin kontratua sinatua dauka eta ez daukagu beste berririk. Egia bada Real Madril bezalako klub batek nahi duela, ez ginen hain oker entrenatzaile ona zela esatean, eta ongi egin genuen, bere jarraipena sinatzen”. Edonola ere, non aukeratu badagoela aipatu du. “Udara luzea izango da eta maila handiko entrenatzaile asko daude klubik gabe”.