‘Zinema kalean’ ekimenaren arima berreskuratuko du Cristina Eneak
Duela bizpahiru urte senitartekoekin edo lagun artean, udako gau goxo batean, film interesgarri bat kalean ikusteko aukera eskaintzen zuen Zinema kalean izeneko ekimenak. Krisiak, aitzitik, zinema areto eta etxeko egongeletara mugatu zuen atari zabalean zazpigarren arteaz gozatzeko aukera.
Cristina Eneak, bada, Zinema kalean ekimenaren arima berreskuratu du eta datorren astetik aurrera lau film eskainiko dituzte, Egiako parkean, Mandasko Dukearen pasealekuko sarreran, jolas parkearen ondoan.
Ekainaren 30an eta uztailaren lehenengo egunean eskainiko dituzte lehen bi filmak eta uztailaren 7an eta zortzian hurrengo biak. Emanaldi guztiak 22:00etan hasiko dira eta gaztelera hutsez izango dira.
Udako zinemaldi saio honen izenburuak –Alaitasuna baserri aldean da: lau larre komedia– argi dion bezala, ekimen honek nekazal mundua hiritarrengana hurbiltzea eta haren ikuspegi umoretsu eta alaia islatzea du helburu. Izan ere, XX. mendean egin diren film ugarik landa eremuaren ikuspegi negatiboak nabarmendu dituzte. Lana gogor egin eta ezjakintasuna nagusi den inguru bezala irudikatu dute askotan.
Hala ere, natura hurbiletik ezagutu eta gozatzeak edota presarik gabe bizitzeak dituen onurak indartzen dituen beste film batzuk egin izan dira eta horien ildotik antolatu dute zinema zikloa. Egitasmoak, gainera, Ingurumen Baliabideen Etxearen atarian dagoen erakusketarekin egingo du bat.
Alaitasuna baserri aldean: lau larre komedia
udako zinemaldia
Dia de fiesta. Ekainaren 30ean, osteguna, 22:00etan. Mendi bailaretako herrixka eta nekazari artean gutunak banatzen dituen postari baten bizipenen deskribapena da.
Despertando a Ned. Uztailaren 1ean, ostirala, 22:00etan. Irlandako herritxo batean girotuta, saritutako loteria-txartel batek sortzen ditu gorabeherak kontatzen ditu.
La Chica de Paris. Uztailaren 7an, osteguna, 22:00etan. Landa eremuan, hiriko neskatxa atsegin batek eta agure erretxin batek duten harremana islatzen du.
Amanece, que no es poco. Uztailaren 8an, ostirala, 22:00etan. Jaioterrira itzultzen den aita-semearen komeriak azaltzen ditu umorez beterik.