Bulegoa garbitzen, batzuk; ardura berriari neurria hartzen, besteak
Etxe aldaketetan eskarmentua duten enpresetako langileen arrastorik ez zegoen. Zinegotziak eurak ziren, atzo, beharrezko txostenak jaso eta zaharrak edukiontzira botatzeko bereizketa egiten ari zirenak. Agintaldi berriarekin, bulego aldaketa egitea adostu dute, hortaz, paperez betetako mahaia hustu eta kartoi kaxak hurrengo urteetarako beharrezkoak izan daitezkeen txostenekin betetzeko eguna izan zen atzokoa. Udal talde guztien artean popularrak ziren langileenak. Atzo eguerdirako hiru edukiontzi bete paper atera zituzten bulegotik.
Garbiketa lanetan denak aritu ziren, baita Ramon Gomez bozeramailea ere. Hamasei urtez leku berean egon ondoren, mugitu behar izan dutela azaldu du. Hala, 90. hamarkadako altxor ugarirekin egin dutela topo zehaztu du. Euskarri digitalek geroz eta indar handiagoa hartzea, eta, etorkizunean izan daitezkeen aldaketetan, halako paper pila jaso behar ez izatea espero du.
Udal Gobernuko ordezkarientzat, halere, leku aldaketak baino, datozen hilabeteetako erronkak zeintzuk izango diren jabetzeak eragin die kezka handiagoa. Ricardo Burutaran zinegotziak jakinarazi duenez, sail bakoitzeko zuzendari eta teknikariekin elkartzen ari dira kezka nagusiak zeintzuk diren gertutik ezagutzeko.
Normaltasuna lehenbailehen nagusi dadin, udal teknikari batzuk bulegoak egitura berrira egokitzeko egin beharreko aldaketak aztertzen ari dira.