Dantzaz konpainiaren ikuskizun berria heldu da
Viktoria Eugenia Antzokia hartu dute Dantzaz konpainiako dantzariek, ostiralean, ekainaren 24an estreinatuko dute-eta lan berria, Arte-an. «Artean lan egiten jarraitzen dugu, tartean. Beti baikaude erdibidean. Ezagunak diren koreografoekin eta bidea egiten ari direnekin lan egiten dugu. Dantza ikasketak bukatu eta mundu profesionalera salto egin nahi duten dantzariek osatzen dute konpainia. Lurraldeari dagokionez ere bai, Euskal Herriaren iparraldea eta hegoaldearen artean gaude», azaldu du Filgie Claveriek, konpainiako zuzendariak.
Arte-an obrarekin gainera hainbat urtemuga ospatu nahi dituzte. Batetik, Dantzaz elkartearen hamar urteko ibilbidea; eta bestetik, konpainiaren bosgarren urteurrena: «2002an sortu zen Dantzaz elkarte gisa. Urtemuga dela eta ohi baino gehiago eskainiko diogu publikoari. Bat ez, bi sorkuntza lan aurkeztuko ditugu», azaldu du Claveriek.
Hamar urte hauetan nazioarteko zein bertako hainbat koreograforekin lan egin dute: Eric Gautier, Sophie Antoine,Jone San Martin, Hilde Koch, Christophe Garcia edota Itzik Galili-rekin, besteren artean. Azken honekin, Galilirekin berriz ere lan egin dute oraingoan. 2008an estreinatutako ‘Lursagar’ obra berreskuratu dute Israelgo koreografoaren eskutik. Jatorriz zazpi gizonentzat sortu bazen ere, oraingoan bost emakumek eta bi gizonek interpretatuko dute. ‘Earth apples’ izenarekin aurkeztuko dute pieza berriztatua, eta harekin hasiko da ostiralean ikuskizuna.
Obra berriak, beraz, hiru pieza bilduko ditu emanaldi berean. Zein izango dira koreografia berriak? Batetik, Galiliren ‘Flash deluxe’; eta bestetik, Lukas Timulak-en ‘A space between’. Timulak koreografo eslovakiarra Nederlands Dans Theater-eko dantzari ohia da. Hamar urtez Herbeheretako konpainiako dantzaria izan da, eta orain sorkuntza lanean hasi da. ‘A place between’ pieza sortu du Dantzaz-ekin elkarlanean. Gizakiak esperientzi, egoera eta leku berriak bilatzeko duen grina erabili du abiapuntu gisa: «Ni neu ere leku batean jaio nintzen, baina beste herrialde batean lan egiten dut. Jaio eta hil bitartean beti gaude erdibidean», esan du koreografoak. Une iragankor horiek aztertzen ditu Timulakek bere lan berrian.
Itzik Galiliren koreografiaren musika Donibane Lohizuneko Paxkal Indo txalapartariak sortu du. Hasieran, koreografiaren bideoa ikusi zuenean txalaparta soinuak sortzea pentsatu zuen: «Uste nuen txalaparta pixka batekin nahikoa izango zela, baina ustekabean beste ideia batzuk piztu zizkidaten mugimendu horiek». Indok ere Arte-an ikuskizunaren filosofia bere egin zuen: «Txalapartari bat bestea gabe ere ez da ezer. Gu ere beti gaude artean, tartean. Besteak erantzuten ez badu, ez dugu musikarik egiten, zarata baizik. Isilunea eta zarataren artean egiten dugu lan». Txalapartaz gain, danbor soinuak ere nabarmen dira musikan. Donostiako danborradari keinu txiki bat egin diola aitortu du: «Erritmo haiek ekarri zizkidan gogora koreografiak».
Dantzaren alde lanean jarraituko dutela adierazi du Claveriek, dantzaren egoera «hauskorra eta ahula dela uste baitu: «Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostia Kulturak asko laguntzen digute. Asko jasotzen dugu, baina dantzak arte ahula izaten jarraitzen du, zaindu egin behar dugu». Elkartearen hamar urtetan 38 dantzari izan direla azaldu du: «Horietatik 28k lana aurkitu dute Europan, eta batek Australian gainera. Eta horietatik hamar Euskal Herrikoak dira. Dantzaz-en lekua dago dantzari eta profesional izan nahi dutenentzat».
Bira izugarria izango du Dantzaz elkarteak. Frantzia, Espainia eta Euskal Herrian zehar ariko dira dantzan Viktoria Eugenian dantzatu eta gero.
Ikuskizun berria nolakoa izango den jakin nahi dutenek aukera izango dute bihar aurrerapen bat ikusteko. Entsegu irekia egingo dute 20:00etan, Viktoria Eugenian bertan. Gonbidapenak antzokiko leihatilan eskura daitezke, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Gonbidapenarekin, gainera, ostiraleko sarrerak erosterakoan eskaintza berezia izango dute. Bi sarrera izango dituzte, bat ordainduta.