Bringas-Lizaso familia ohituta dago bizikleta gainean bidaiatzera. Erronka berria Iberiar penintsulari bira ematea da beste sendi batzuekin batera. Larunbatean irtengo dira Donostiatik Valladoliderantz.
Bizikletan ibiltzeko zaletasunari eutsi nahi izan zioten Mikel Bringasek eta Rosa Lizasok guraso bilakatzean. Lehen seme Ekirekin Euskal Herriaren bira egin zuten, eta Lur jaio eta gutxira Europan barrena bidaiatu zuten. Munduko hamaika txoko bizikleta gainean ezagutu dituzte azken urteotan, eta orain, beste familia batzuk gonbidatu nahi dituzte beraiekin pedalei eragitera. Iberiar Penintsulari bira ematea dute helburu, horretarako oporraldiak erabiliz. Hamar batek parte hartzeko asmoa agertu du, baina nahi dutenak oraindik ere garaiz dabiltza. Baldintza bakarra, senideekin eta bizikleta gainean bidaiatzea da.
Bira noiz amaituko duten ez dakite, baina lehen etapari larunbatean ekingo diote. Donostiatik Urnietara joango dira, eta asteburua Leitzan amaituko dute. 18 egunetan, berriz, Valladoliden egotea espero dute. Saiakera honek gainontzekoak nola gauzatu zehazteko balioko du.
Etapa bakoitzaren luzera aldakorra da, baina 20 eta 40 kilometro artekoak izango dira. Ahalik eta malda eta auto gutxien dituen errepideak aukeratu dituzte, baina bide hobeak ezagutzen dituztenek proposa ditzakete. Erritmo berean pedalei ematea zaila dela jakinda, antolatzaileek ibilbidearen aurreko eta ondorengo uneak partekatzea proposatzen dute. Horrela, haurrek elkarrekin jolastu ahal izango dute, eta gurasoek, solasean aritu. Ibilbidea diseinatzeaz gain, lotarako nahiz otorduetarako guneak aholkatu eta tarte bakoitza dinamizatuko dute. Hori bai, sendi bakoitzak bere erreserbak egin behar ditu.
Ibilbidea osatu edo bidearen zati bat egitera animatzen direnak ongietorriak izango dira. Horretarako,
www.bizibidaia.net webgunera idatzi besterik ez dute egin behar.
Mikel Bringas – Bidaiaria
“Oso polita da bidaiaren bitartez jende berria ezagutzea”
Bizipen berezia izan eta beste sendi batzuk ezagutu nahi dituztenak emaztearekin eta seme-alabekin hasiko duen biran parte hartzera gonbidatu ditu Mikel Bringasek (Intxaurrondo, 1969).
Nola bururatu zitzaizuen Biziberica?
Azken bost urteetan familian bidaiatzen aritu gara, eta gustura ibili bagara ere, faltan bota dugu beste sendi batzuen konpainia. Bidaietan beste familia eta haurrak aurkitzen saiatzen garenez, zergatik ez bidaia osoa beste familia batzuekin planteatu.
Zergatik Iberiar penintsula?
Errazagoa iruditzen zaigu hemen inguruan mugitzea oso urrutira joan baino. Bidaia erraza da, Iberiar penintsulari itzulia izango da, ahal badugu, baina zatika. Dena jarraian egitea familiekin zaila izango litzateke. Aurtengo udaran tarte bat, aurrerago beste bat…. egitea pentsatu dugu.
Uda honetan egingo duzuen lehen bidaiak zer luzera du?
Donostiatik Valladolidera joango gara. 16 etapa dira, baina 18 egunetan eginda. Beste bi egunetan, atseden hartuko dugu kanpinean. Hurrengoan, ziurrenik, Portugal aldera egingo dugu. Zatika-zatika ibilbidea lotzen joango gara, baina noiz eta nora oraindik zehaztu gabe dago. Gogoaren, oporren eta beste familien aukeren arabera. Hasi eta dena ondo ateratzen bada, beste familiekin batera erabakiko dugu.
Zer behar da?
Bakoitzak erabakiko du nola antolatu eta zer tresneria erabiliko duen… librea da. Batzuk furgonetarekin etorriko dira eta ibilbidea amaitzean, gurasoetako bat bere bila itzuliko da bertan lo egingo dutelako. Gogoa, ilusioa. Hori da oinarria, eta gainontzekoa ondo etorriko da.
Fisikoki ez dira gogorrak, beraz.
Umeekin joanda ezin da izan. Batez beste eguneko 30 kilometro dira; bi ordu lasai joanda.
Nork parte har dezake?
Edonork, familiarekin badator. Webgunean egun bakoitzeko ibilbidea zintzilikatu dugu: mapak, GPS trackak eta lotarako tokia. Gehienak kanpinak dira, baina baita aterpetxeak ere. Badakigu egun horietan toki horietan egongo garela, eta beste familia batzuk ere. Bidearen zati bat egitera datozenak, ongietorriak dira.
Zenbat sendi animatu dira?
Zazpi familik baieztatu dute, baina oraindik zehaztu gabeko beste batzuk daude.Hamar bat izango garela uste dut. Ingurukoak dauden arren, donostiar bakarrak gara. Urrutikorik ere bada: Valladolideko familia bat.
Elkar ezagutzen al duzue?
Batzuok bai, baina beste batzuk bidaia honetan lehenengoz egongo gara elkarrekin. Oso polita da bidaiaren bitartez jende berria ezagutzea. Aurreko batzuetan ere horrela egin dugu, eta esperientzia zoragarria izan da. Ziur oraingoan ere hala izango dela; ea haurrak ondo moldatzen diren!
Interesa dutenek zer egin behar dute?
Webgunera idaztea nahikoa da. Informazio orokorra, mapak… dauden atala irekia da, baina beste tarte bat ireki dugu partaideak harremanetan jartzeko. Baieztatu dutenei pasahitza ematen diegu.
Nondik irtengo zarete?
Haizearen Orrazitik, 11:30ean. Norbaitek Kontxako zatia egitera etorri nahi badu, ongi etorria da. Bakoitzak nahi duena.