Maitasuna eta bikote harremanak, ispiluaren aurrean
Ion Martinez eta Saioa Royo aktoreek ‘Ispilua’ obra taularatuko dute asteazkenean, 20:00etan, Lugaritz kultur etxean
Urte bete eszenatokiz eszenatokiz ibili eta gero, iragan maiatzean ‘Oteitza =/= gizartea’ obraren azken emanaldia egin zuen Ion Martinezek Dokan. Antiguatarraren lehen antzezlana izan zen hura. Orduan bakarrik igo zen eszenatokira. Oraingoan, ordea, Lugaritz kultur etxean Saioa Royo aktore egiatarrarekin batera izango da taula gainean. Euskaraz idatzitako ‘Ispilua’ obra aurkeztuko dute asteazkenean, 20:00etan.
Maitasuna eta bikote harremanen inguruko antzezlana da. «Gizarteak gure bikote harremanetan duen eraginaz hitz egiten dugu. Bikoteek askotan larunbat gau batean ezagutzen dute elkar, eta gizarteak bikotekidea ez uzteko presioa egiten digu; harekin ezkondu, etxea erosi eta seme-alabak izateko», azaldu du Martinezek.
Bikote baten sentimenduak eta ikuskerak plazaratuko dituzte eszenatokian: «Haien harremana nolakoa den erakutsiko dugu, eta haien bitartez galderak egingo ditugu. Nola egiten diegu aurre gizarteak ezarritako arau horiei? Nola eragiten dute gure erabakietan? Jendeak bizitzen ari denaren inguruan hausnarketa egitea nahi dugu. Gogoeta piztea da gure asmoa».