Antzerkia eta umorea eskutik helduta izango dira udan
Komedia izango da jaun eta jabe Donostia Kulturaren udako arte eszenikoen egitarauan. Halere, Norka Chiapuso programazio arduradunaren hitzetan, umoreaz gain beste osagai batzuk ere izango ditu; hala nola, drama, bakardadea, intriga, sexua, gizarte arazoak eta maitasuna, besteak beste. Izan ere,komediaz haratago iritsiko da udako egitaraua. Musikal pare bat, mentalismo ikuskizun bat eta zarzuela ere izango da ikusgai. Hurrengo bi hilabeteetan guztira 100 emanaldi eskainiko dituzte, eta 150 aktore inguru gerturatuko dira hirira.
Sexuaz, lotsarik gabe Aurten, berritasun gisa euskarazko obra bat eskainiko dute. Txalo taldearen ‘Baginaren bakarrizketak’: «Beti saiatu gara euskarazko obra bat ekartzen udan, baina benetan ziurtatu behar genuen ikusle asko erakarriko zituela. Hau neguko programazioan ekarri genuen eta publikoarekin hazi egiten den lana dela ikusi genuen». Ainhoa Garai eta Aitziber Garmendia aktoreek emango diete ahotsa hainbat emakumeren istorioei, Antzoki Zaharreko eszenatokian (Uztailak 7-10). AEBetako Eve Ensler antzerkigilearen ‘The Vagina Monologues’ (1996) obraren euskarazko bertsioa da. Berrehun emakumetik gora elkarrizketatu zituen Ensler-ek, eta haien sexualitatearen inguruko kezkak, lotsak eta testigantzak jaso zituen. Harrez gero ehundik gora hizkuntzetara itzuli dute, eta hainbat herrialdetako eszenatokitara eraman dute antzerki konpainia desberdinek.
Antzoki Zaharrean ere Juanra Bonet aktore eta komikoak (uztailak 11-17) ‘Animales’ ikuskizuna aurkeztuko du. Stand up comedy tradizionalena hartu du abiapuntu gisa, baina testu zorrotzak eta gupidagabeak sortu ditu; ohiko txiste errazak alde batera utzita. Eta komediatik, dramara… Miguel Delibesen ‘Cinco horas con Mario’ (uztailak 27-31) obra taularatuko du Natalia Millan aktoreak. Pertsonaia protagonistaren larruan sartu eta Carmen Sotillo izango da eszenatokian. Senarra galdu berri duen emakumea izango da. Arturo Fernandez aktoreak ere ez du huts egingo. ‘Los hombres no mienten’ (abuztuak 1-7) obra aurkeztuko du Sonia Castelo eta Carlos Manuel Diazekin batera. ‘Venecia bajo la nieve’ (abuztuak 9-14) antzezlanean unibertsitateko bi lagunek berriz topo egingo dute. Euren bikotekideak ezagutzeko geratuko dira, eta afaria, ustekabean, gudu zelai bihurtuko da. Pablo Carbonell aktorea izango da protagonisten artean.
Kiti Manver eta Jorge Roelas aktoreek banandu berri den bikote baten harreman berezia azalduko dute ‘Ocasiones especiales’ (abuztuak 15-21) obran. Luis Merlok eta Maria Barrancok, berriz, Woody Allen-en testu klasiko bat berreskuratuko dute, ‘Tocala otra vez, Sam’ (abuztuak 14-28). Carlos Sobera eta Mar Regueras elkar asko maitatu eta asko gorrotatzen duten senar-emazteak izango dira ‘La guerra de los Rose’ (abuztuak 30-irailak 4) komedian. Veronica Forque aktorea ‘Shirley Valentine’ (irailak 6-11) izango da. Antzerki garaikidearen historian arrakasta gehien izan duen lana da. 1986an estreinatu zuten lehen aldiz, eta kritikak komedia perfektutzat jo zuen.
Victoria Eugenia Antzokian rockaren erregearen bizitzari eskainitako musikalarekin hasiko da egitaraua. ‘El rey del rock’ (uztailak 1-3) kontzertua, dantza ikuskizuna eta musikala izango da aldi berean. Sasibill Lirika Elkarteak El duo de la africana (uztailak 9-10) taularatuko du. Miren Urbieta soprano donostiarra izango da protagonista.
Gorka Otxoa, Viktoria Eugenian Gorka Otxoa aktore donostiarra etxera itzuliko da ‘La ratonera’ (uztailak 13-17) antzezlanarekin. Agatha Christieren klasikoari helduko diote. ‘Avenue Q’ (uztailak 28-31) musikala, berriz, familian ikusteko ikuskizuna izango da. Haurrentzako ‘Sesame Street’ saioa hartu dute abiapuntu gisa, txotxongilo eta aktore lana uztartu baitute. Lola Herrera ‘Querida Matilde’ (abuztuak 2-7) obrako protagonista izango da. Anthony Blake magialari mentalistak ‘No vengas solo’ (abuztuak 12-14) ikuskizuna eskainiko du. Beldurra nonahi dagoela erakutsiko du Blakek. Non hasten da fikzioa? Non errealitatea? Ikuslea galdera hauek argitu gabe joatea nahi du.
Tricicle konpainiako kideak denboraren makinan sartu eta aktore zahar talde baten paperean sartuko dira ‘Forever Young’ komedian (irailak 8-11). Josema Yuste, berriz, ‘La cena de los idiotas’ (irailak 1-4) obrako protagonista izango da. Eta aktore espainiar ezagun gehiago: Amparo Larrañaga, Kira Miro eta Jose Luis Gil ‘Fuga’ (abuztuak 17-21) lanarekin izango dira Victoria Eugenia Antzokian.


