Pablo Laso: "Nire ideiak eta baloreak ditut, ez naiz aldatuko"
Albistea atzo arratsaldean egin zen ofiziala: Pablo Lasok GBC utziko du eta Real Madrileko entrenatzailea izango da datozen bi denboraldietan. Joan aurretik, ordea, Donostiako kluba agurtu du. Horretarako, prentsaurrekoa eman du gaur, 12:00etan, Donostia Arenako prentsa aretoan, Gorka Ramoneda presidentearekin batera. Guztiz hunkituta agertu da Laso prentsa aretoan eta hitz egiten hasi den momentuan, negar malkoak erortzeko zorian izan ditu. Lehenik eta behin, Gipuzkoa Basketi eskerrak eman dizkio emandako aukerarengatik eta, Madrilera doan arren, zera esan du: “Nire ideiak eta nire baloreak ditut, ez naiz aldatuko”. Kontratazioaren kontua oso azkarra izan dela aipatu du eta bi klubentzako onena lortu dutela. Gainera, atzoko eguna oso berezia izan zela aitortu du eta, sekula ez zituela egun berean horrenbeste dei eta mezu jaso: “Ezin izan diet guztiei erantzun, ez baitut denborarik izan”.
Gorka Ramonedak, bere aldetik, barkamena eskatu du, atzoko prentsaurrekoan ezer ez zekiela esateagatik. “Barkamena eskatu nahi dizuet. Nik banekien Pablo Madrilen zegoela, baina oraindik ez zegoenez guztiz lotuta, ulertuko duzuen bezala, ezin nuen ezer ere aurreratu”.



