Hogei urte itsasoari begira
Ontzi Museoak milioi erdi bisitari izan ditu; astebukaera honetan sarrera doakoa izango da
1991ko maiatzaren 23an ireki zituen ateak lehen aldiz Ontzi Museoak. Hogei urtez konpromiso berari eutsi dio bertako lan taldeak, Euskal Herriko itsas ondarea kontserbatu, ikertu eta zabaltzeko lan egin dute. «Gogor lan egin dugu, eta urte hauetan lortu dugunarekin pozik gaude», adierazi du Soco Romano zuzendarikideak. «Tangoak dio hogei urte ez direla ezer, baina guretzat bitxikeriaz eta historiaz betetako ibilbidea izan da», gaineratu du Jose Mari Unsain zuzendarikideak. Oraindik asko dago egiteko dagoela diote, baina museoa itsas ondarea gordetzeko eta erakusteko tresna baliagarria izan dela uste dute.
Antonio Gaztañeta ontzigilea, Barojatarrak, Euskadiko Gudontzidia, Andres de Urdaneta, Euskaldunak Pazifikoan, baleazaleak… Euskaldunek historian zehar itsasoarekin izan duten harremana erakutsi dute museoak berak ekoitzitako 30 erakusketatan. Urpeko arkeologia, surfa, Prestige ontziak ekarritako marea beltza edota euskal kostaldeko argazki zaharrak aztertu dituzte, besteren artean. Erakusketak bakarrik ez, hainbat liburu argitaratu dituzte. «Museoaren ezaugarri garrantzitsua da urte hauetan guztietan ekoizpen editorialari eutsi izana», esan du Unsainek. Itsas Memoria, Euskal Herriko itsas ikerketen aldizkaria da haren ustez garrantzitsuena: «Egun Espainian editatzen diren itsas ikerketa argitalpenetan onena dela diote. Guk itsas kulturaren historia, antropologia eta ondarean aurkitutako gabeziak betetzeko ekin genion lan honi».
Ondarea berreskuratzeko lana, ordea, ez da lan samurra izan. Museoaren tamaina eta aurrekontua zailtasun handiak izan direla azaldu dute. Halere, liburutegia eta dokumentu artxiboa hazi eta hazi egin da, etengabe; baita museoko bildumak ere: grabatuak, pinturak, argazkiak, postalak, metalgrafiak, nabigazio mapak, planoak, ontziak, objektu etnografikoak, industria ondarea, urpeko arkeologia… Zailtasunak zailtasun, esfortzu handia egin dute ontzi zaharrak berreskuratzeko. Guztira 36 itsasontzi bildu ditu; hauetako batzuk Pasaian, Ondartxon ikus daitezke egun.
Maria Jesus Aranburuk azken prentsaurrekoa eman zuen atzo kultura diputatu gisa. Duela hogei urte Aldundiak Ontzi Museoa zabaltzeko erabakia hartu zuela azaldu du: «Gure kulturak itsasoarekin lotura izugarria izan du itsasoarekin, eta hori aztertu gabe dago, ez dago behar bezala gizarteratuta. Horregatik zen beharrezkoa. Egungo eraikina, ordea, behin behineko egoitza gisa hautatu zuten, eta behin behineko egoitza gisa jarraitzen du. Pasaian aurreikusita dago egitea, eta egongo da aukera proiektua egiteko. Behar duen tamainako museoa izateko aukera izango dute. Guk, gauden tokitik aldarrikapen hori egiten jarraituko dugu».
Hogei urteko ibilbidean milioi erditik gora bisitari izan dira Ontzi Museoan: «Gehienak donostiarrak dira, baina Frantziatik ere bisitari andana etorri ohi da, baita Ingalaterra eta AEBetatik ere». Eta udan turistez betetzen bada ere hainbat asialdi talde ere joan ohi dira balea eta baleazaleen inguruan prestatutako tailerretan parte hartzera. Asteburu honetan, hogeigarren urtemuga dela eta sarrera doan izango da.
Urpeko bidaia, Euskal Herriko itsas historian barrena
Ontzi Museoaren aspaldiko ametsa egia bihurtu da hogeigarren urtemugan. Euskal Herriko eta hiriko itsas historia laburbiltzen duen bideo instalazioa sortu du. Itsaso zabalean, itsasazpiko bidaia berezia da. Goiko solairuan izango da, erakusketa iraunkorraren ibilbidean. «Esperientzia bakarra da, museoan bakarrik bizi daitekeena», adierazi dute sortzaileek, Morgan Creativos ekoiztetxeko arduradunek.
Julio Verneren Nautilus ontzia balitz bezala, bisitariak itsaspeko munduan murgilduko dira. Bidean, piratak, kosmografoak, arrantzaleak, merkatariak, itsasgizonak, abenturazaleak, baleazaleak eta beste hainbat pertsonaia ezagutuko dituzte. Euskal itsas historiaren iragana eta oraina ezagutuko dute «modu entretenigarri batean». Itsas zabalean euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez bizi ahal izango dute urpeko esperientzia.