Jaiak, ziztu bizian sanjoanetarantz!
San Luisen omenez egiten dituzte jaiak Herreran, hala ere, gaur bukatuko dira festak. Hiriko beste hainbat auzotan bezala, San Juan bezperako su ondoko ekimenekin gaurik laburrena ere ospatuko dute.
Auzoetako jai askok eta askok San Juan eguna eta bere bezpera izaten dituzte mugarri. Antiguan zein Amara Berrin, suaren sainduaren inguruan egiten dituzte festak; Igeldon, berriz, egitarau luzeraren erdi-erdian kokatzen dute gaurik laburrena; eta Herreran Luisitok eta Luisitak agur esaten dute egun honetan.
Ahalegin berezia egin dute aurten ere San Luis jaietako antolatzaileek egitaraua denen gustukoa izan zedin. Eta, zinez, lortu dute haurrei dagokien atalean. Asteartean ospatu zuten San Luis eguna eta, herri bazkariaren ondorengoan, ekaineko elurrak estali zuen sainduaren izena daraman plaza.
Negu gogorraren itxura hartu zuen plazak zuritu egin zelako, baina, kontraste handia egiten zuen haurrak bainujantzian ikusteak. Apar festa deitutakoak utzitako irudi bitxia. Haurrak dauden inguruetatik gertu ibili ohi dira gurasoak, eta ez zen bestela gertatu asteartean. Aita-ama batzuek toallarekin umeen sudurrak eta begiak garbitzen zituzten bitartean, beste batzuek ondoko txosnan edatekoa hartzen zuten.
Baina festek ekartzen dituzten egunerokoaren nahasmenak asko dira, eta ekaineko elurrari haurrak kotxe gidari ikustea gehitu egin behar izan zitzaion Herreran. Kart, edo auto txikien, zirkuitua zubipean jarri zuten, eta ume asko jarri ziren Formula 1eko kirolari ospetsuen larrutan sartzeko.
Motordun ibilgailua gidatzen zuten lehen aldia zen gehienentzat, eta hori larrutik ordaindu zuten zirkuituaren begiraleak. Izan ere, etenik gabe ibili baitziren gora eta behera katramilatutako kotxeei laguntza emanez.
Zirkuituan, gora eta behera, metroak eta orduak aurrera zihoazen. San Luis egunetik San Juan bezperarako bidearen tarte hori ziztu bizian gainditu zuten herreratar gazteenek.
Gaur, gaurik argitsuena
Tradizioan udaren hasiera markatu duen San Juan eguna bihar izango da; honenbestez, gaurkoa izango da ere gaurik laburrena, eta festarako egokienetakoa. Ideia hori bera dute hiriko hainbat gunetan.
San Juanen omenez egiten dituzte jaiak Antiguan eta Amara Berrin. Lehenean, Antiguotarrak elkartetik irtengo diren San Juan koruek alaituko dute ingurua, 22:00etan Gaskonia plazan sua piztu arte. Antzeko egitaraua dute Amaran, 19:30etik Ikasbideko txistulari eta koruak auzoa girotuko baitute, 22:30ean Gaska kiroldegiaren ondoko aparkalekuan suaren garaia iritsiko dela. Igeldon ere kantari ibiliko dira 21:00etatik aurrera. Antzeko gauzak egingo dituzte Sagues, Loiola, eta Egian.
Oletan, berriz, gaur hasiko dira jaiak eta sua 00:00etan, ordu magikoan piztuko dute. Jaien beste kontraste bat, San Juan gaua, urteko laburrena izanik ere, argi gehien pizten dena baita.