Udako freskagarria
Kontsumitzaileen Antolaketak supermerkatuan eros daitekeen behi esnearen kalitatea aztertu du, eta kaleratutako emaitzek zalaparta handia eragin dute ekoizle eta erosleen artean.
Hiriko kaleetan, ordea, badira supermerkatuetako marka handietan galdu gabe eguneko behi esnea eskaintzen duten makinak. Egunero-egunero berritzen den esnea da eta Atotxa eta Arcco merkatal guneetako nahiz Easo plazako makinak hornitzeko ardura duen Iñaki Zapirainek kalitatea bermatuta dagoela baieztatu du.
Hanka sartzerik ez egoteko, gogor eta goizean goizetik egiten dute lan Altza, Astigarraga eta Errenteriarekin muga egiten duen Bordazar baserrian. Eguna argitu baino lehen jezten dituzte behiak. Esne gordina edukiontzi hotz batera pasa eta pasteurizatu egiten dute ondoren. 74-75 gradutan egiten dutela azaldu du Zapirainek, tenperatura beroagoan «elikagai mordoxka hil egiten direlako».
Goizaldeko 7:00etarako esnea pasteurizatua dago. 9:00etarako, beraz, hiriko banaketa makinetara heltzen da. Ilobak lagunduta, 11:00etarako hiru makinak esnez betetzen dituzte.
Hori da zapiraintarren egunerokoa. Igandeetan ere ez baitago atsedenik. Atotxakoak ematen die lasaitasun pixkat, igandeetan itxita egoten delako. Eguneroko beharrak, hortaz, udako oporraldirik gabe utziko ditu. Bezeroek erakusten duten poza eta harrera onak, baina, eguneroko aldapa arintzen laguntzen die. Hori dela eta, egunero makinetara hurbiltzen diren herritarrek eskainitako konfiantza eskertu du makinen arduradunak.
150-160 litro esne
Esnea zeinen goxoa den esatearekin batera, makina nola husten den ikusteak ere pozten ditu Bordazarrekoak. Easoko makina abuztuan jarri zuten eta Arccokoa irailean. Hasierako berritasunak bultzatuta, jende asko hurbildu zela eta egunero 300 bat litro banatzen zituztela nabarmendu du.
Egun, bataz beste, 150-160 litro banatzen dituztela kalkulatu du. Iñaki Zapirainek gogoan duenez, Eguberriak bitartean herritar askok betetzen zuen esne botila makinotan. Handik aurrera behera egin zuen eta, Aste Santuaz geroztik, kontsumoa gora egiten ari dela nabaritu du Iñaki Zapirainek.
Bezeroen artean, gainera, gazteak ere badirela azpimarratu du. Hau da, hondartzara ala bueltatxo bat egiten ari diren gazteak esne botila freskagarri gisa hartzen dutenak.
Antiguan ere bai
Esne makinak hirian zabaltzen aitzindaria, halere, Dorronsoro familia izan da. Urtebete da Igeldoko esnea 24 orduetan erosi ahal izateko makina Gaskoina plazan jarri zutela. Esne makinaren aurrekoa da, ordea, Igeldoko familiak Antiguarekin duen lotura. Duela 30 urte hasi ziren esnea jaisten.