Udal agintariak jendaurrean dantzatuko dira gaur Konstituzio plazan
Azken urteetan ez bezala, Goizaldiko dantzariekin batera, udal agintariek ere, San Juan bezpera dela-eta, Konstituzio plazan urtero egiten den ospakizunean parte hartuko dute. Era horretan, azkenekoz 1980ko hamarkadan Jesus Mari Alkain alkate ohiak egin zuen antzera, Juan Karlos Izagirrek herritarren aurrean dantzatuko du Gizon Dantza.
Alkatea, baina, ez da bakarrik arituko beste zinegotzi batzuk izango dituelako lagun. Atzo, hamar bat laguneko taldea osatzea espero zuten. Bilduko zinegotzien artean, bost bat lagun ari dira pausoak ikasteko gogor entseatzen. EAJ zinegotziek ere bat egingo dutela adierazi dute, nahiz eta Juan Ramon Viles zinegotzi jeltzaleak ezingo duela joan aitortu. PSE-EEko zinegotziek, era berean, Konstituzio plazara hurbilduko direla baieztatu dute; nork dantzatuko duen, aldiz, ez dute aurreratu. PPko zenbait taldekide ere dantzatuko dira.
Gizon Dantza da Gipuzkoan egin izan diren soka dantzetatik nagusiena. Plazan, herriaren aurrean, jendaurreko ekintzarik garrantzitsuena zela diote. Alkateak dantzatzeko gaitasunik ez zuenean, dantzari baten esku uzten zuen egitekoa. Hainbat adituk diotenez, 1700. urtean soka dantza egiten zen hirian. XVIII. mendean, ordea, tradizio hori eten egin omen zen.
Goizaldi Euskal Dantza Taldeak eta haren aitzindariek egin zuten aurreko mendean dantza berreskuratzeko ahalegina. Tradizioak, gutxienez, 1931. urtetik bizirik jarraitzen duela uste dute.
San Juan bezpera
konstituzio plaza
19:00etan. Goizaldi dantza taldeko neska-mutilak eta Felix Garitano, San Bizente eta Santa Maria elizetako parrokoa, Lizarraren inguruan kokatuko dira.
Zortzikoa. Dantza taldeak San Juan Zortzikoa dantzatuko du. Orain hamalau urte berreskuratutako dantza da.
Bedeinkapena. Zuhaitza bedeinkatuko du Felix Garitano parrokoak.
Gizon dantza. Zinegotzi, dantzari eta txistularien eskutik.
Sua. Jendeak bedeinkatutako lizarraren ezpala eraman ondoren, su emango diote zuhaitzari.
GAUEKO ZERBITZUAK bulebarretik
Goizaldeko 1:00. Autobus zerbitzuen ordutegia 1:00ak arte luzatuko da.