Datorren hilabetean amaituko dituzte araztegia estaltzeko lanak
Uztailean amai daiteke Loiola, Zorroaga eta araztegi inguruan bizi diren herritarren amesgaiztoa. Ur zikinak garbitzeko azpiegituraren hiru laurdenak estali dituzte jada; datorren hilabeterako, beraz, kiratsak ihes egiteko zirrikiturik ez egotea espero dute.
Espainiako Gobernuko Ingurumen ministerioak egin duen 3,85 milioi euroko inbertsioaren bidez ari dira lanak gauzatzen. Abuztuan esleitu zituzten lanak. Harrezkero, kiratsaren arazo iturri diren dekantagailuak estaltzen ari dira. Denera, 10.000 metro koadro hartzen ditu estali beharreko eremuak, bi futbol zelaiek okupatzen dutena.
Irtenbidea topatzea, dena den, ez da horren erraza izan. 2005eko uztailean araztegia zabaldu zutenetik usain txarrarekin amaitzeko irtenbide bila aritu dira. Neurri desberdinak hartu dituzte; emaitza eraginkorrik, ordea, ez dute lortu.
Aurrerapauso emankorrik ez ematearen ondorioak Loiolako Hipikaren inguruan bizi diren herritarrek pairatu behar izan dituzte nagusiki.
Plataforma
Lehenbailehen irtenbideren bat bila zezaten, Usainik Gabeko Ur-Araztegiaren Aldeko Plataforma eratu zuen bizilagun talde batek. Araztegiari zerion usain txarra «jasangaitza eta onartezina» zela zioten. Airearen kalitatea neurtzeko ikerketak aurkeztu zituzten, halaber. Horien bitartez, airean osasunarentzat kaltegarriak diren partikulak zeudela aditzera eman zuten.