Film osoa 36 ordutan
Cinemavip.com eta Donostiako Film Comisionek 36 Horas de Supervivencia Filmica lehiaketa antolatu dute; egunotan 16 film labur egiten ari dira hirian.
Zinemak eta Donostiak harreman estua dute, hori da 36 Horas de Supervivencia Filmilca lehiaketako antolatzaileek hiria aukeratzeko izan duten arrazoia. Egun eta erdi horretan 16 taldek film labur bana errodatu eta editatuko dute, bertako kale eta gune bereziak plato bilakatuz. Topaketaren bosgarren aldi honen atzean Cinemavip.com sarea eta Donostiako Film Comission daude.
Bohemia film laburraren lan taldeak Bartzelona, Madril eta Bilboko kideak ditu. 08:00etan hasi zuten atzoko jarduna, eta hiriko hainbat txokotan grabatu ondoren,11:00ak aldera, iritsi ziren Eureka Zientziaren Museora. Hain zuzen ere, lehiaketa hau izan zen atzoko partez Zurriolan, Kontxan eta beste hainbat txokotan errodaje taldeak ikusteko arrazoia.
Kapowski lanaren sekuentzia gehienak, berriz, museoaren behatoki astronomikoan grabatu zituzten. Zientzialari baten istorioa kontatzeko bederatzi pertsona beharrezkoak ziren. Antolatzaileek hartu zuten hasierako boskotea beste lau lagunekin harremanetan jartzeko ardura. «Hau da lehiaketa honen berezitasunetako bat, sare batek antolatua dela», nabarmendu du audio lanak egin zituen Zaragozako Josek. Taldean donostiar batek parte hartu du; hain zuzen ere, makilatze zereginen arduradunak.
Talde bakoitzaren ardura izan dira atzoko grabaketen gora-beherak eta gaurko postprodukzio saioak. Antolatzaileen esku, berriz, baimen guztiak eta biharko sari banaketa.
Itxaropentsu zeuden atzo grabaketa taldeetako kideak, diru gutxirekin egindako lan azkar eta etorri handikoak sortzen ari zirelako. Atzoko errodajea ahazteko zaila izango da zinemagile hauentzat. Aktore batek behatoki astronomikoaren goiko terrazan esandakoa gogoratzea besterik ez dago: «Horrelako kamerinorik ez dut inoiz izango».