Igor Baez: "Haien ahulgunea baino, guk gurea egin behar dugu irabazteko"
Igandean erabakiko da 2011ko Eskuzko Pilotako Herriarteko Txapelketa. Donostia 2008an izan zen finalean azkenekoz, baina goraka dator, finalaurrekoetan Azkoitiari irabazita; Hernanik Oiartzun utzi du kanpoan, eta jarraian jokatuko duen hirugarren finala du. Atano III. frontoian jokatuko dituzte finalak, 10:30ean.
Baikor dago Igor Baez (Antigua, 1980) igandeko partidari begira. Jokalari bezala Herriarteko Txapelketako maila guztietan jokatu ostean, bigarren urtea du Donostiako hautatzaile postuan. Edonola ere, kantxatik kanpo gehiago sufritzen duela dio: «Ez dut inbidiarik pasatzen, baina uste dut entrenatzaile bezala okerrago pasatzen dela, tentsio gehiagorekin».
Zer nolako maila topatu duzue txapelketan?
Bueno, denetik izan dugu. Orokorrean, kadeteetan, nahiko maila ona ikusi dut. Jubeniletan, 17-18 urtekoetan, maila bajuxeagoa izan da, hutsunea baitago. Helduetan, berriz, maila handia egon da. Zailena, Azkoitiaren aurkako finalerdietako partida izan zen. Batez ere, han jokatutako hiru partidak galdu genituelako; horri itzulia ematea ia ezinezkoa zen. Lehenengo kanporaketa ere oso zaila izan zen.
Hiru mailak aipatu dituzu. Zuen kasuan, oso joko desberdina erabiltzen duzue maila bakoitzerako?
Nahiko talde orekatua daukagu. Agian, hutsune handiena jubeniletan daukagu, bi aurrelari ari direlako jokatzen. Nahiz eta ongi moldatu diren, besteei baino gehiago kostatu zaie partidak aurrera ateratzea. Helduetan lasaiago gabiltza. Baezek eta Fernandezek jokatu dute, postua meritu guztiarekin irabazita. Urmeneta aurrelariak eta Urtiz de Urbina atzelariak ere maila ona dute eta, arazoren bat izanez gero, beraiekin moldatuko ginateke ordezkatzeko.
Espero zenuten Azkoitia kanpoan uztea?
Esperantza beti egoten da. Han hiru partidak galdu genituen, baina nola? Ikusten zen beraiek guri egindako gauza bera egiteko gai ginela. Kadeteetan, 22-21 galdu genuen; jubeniletan, 22-18 —gainera, oso partida txarra eginda—; eta, helduetan, 22-19. Beraz, oso parekatua egon zen.
Prestaketa berezia egin duzue finalerako? Urduritasuna nabari duzue?
Ez. Oso lasai gaude. Aste honetan betiko prestaketa egin dugu, entrenamendu bat frontoian. Gero bakoitzak bere trikimailuak ditu.
Badakizue non dagoen Hernaniren ahulgunea?
Hernani oso talde orekatua da; batez ere, helduetan du indarra. Izan ere, Euskadiko txapeldunak dira Ojuel eta Gorrotxategi. Ahulgunea finalaren egunean ikusiko dugu, ea gu nola irteten garen kantxara. Beraien ahulgunea baino gehiago, guk gurea egin beharko dugu irabazteko.
Zer litzateke zuentzako irabaztea?
Pilotarientzako izugarrizko poza, eta sentsazio berria. Herriartekoa taldekako lehia da eta, pilotan, hori ez da gertatzen normalean. Gainera, prentsak gehiago jarraitzen du, eta gazteenek ezagutarazteko aukera izango dute.