
Donostiako Jazzaldia Saria ematen diote, 1994tik, urtero, goi mailako artista bati, jazzari egindako ekarpenaren aitormen eta esker on gisa. Jazzaldiak gaur jakinarazi duenez, Toots Thielemans izango da aurtengo saritua.
Toots Thielemans Bruselan jaio zen, 1922an. Benetako mito bizia da, eta ez adinagatik bakarrik, ahoko soinuarentzat leku nabarmena lortu duelako baizik, jazzeko instrumentuen artean. Jazzaren lehen garaietako artista historikoekin jo zuen lehenbizi: 1950ean, Benny Goodmanek kontratatu zuen Europan bira bat egiteko eta, 1952an, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bizitzera. Charlie Parkerrekin eta George Shearing-ekin egin zuen lan bolada hartan.
Aurreko urteetan, honakoak izan dira sarituak: Doc Cheatham (1994), Phil Woods (1995), Hank Jones (1996), Steve Lacy (1997), Chick Corea (1998), Max Roach eta Clark Terry (1999), Kenny Barron (2000), Ray Brown (2001), Elvin Jones (2002), Bebo Valdés (2003), Shirley Horn eta Fernando Trueba (2004), Keith Jarrett eta Charles Mingus (In Memoriam) (2005), Herbie Hancock (2006), Wayne Shorter (2007), Ahmad Jamal (2008), Roy Haynes (2009) eta Ron Carter (2010).