Sexu aniztasunaren aldeko eguna da bihar. Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideen alde egiten duten elkarteek ekimen ugari prestatu dituzte honen harira; nagusiena, iluntzean egingo duten manifestazioa.
Esther Nolla, Zilarrezko Gehitu Saria jasotzen (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Lesbiana, gay, bisexual , transexual eta queer (LGTB) kolektiboen askapenerako eguna da bihar, eta hirian errotutako hainbat elkartek deituta kalera irtengo dira beste behin beraien eskubideak aldarrikatu eta berdintasuna eskatzeko. Bilgune Feministak, Transmarikabollofeminista koordinadorak, Gehituk, AMPGYLk, Errespetuz eta Magala elkarteek deitutako manifestazioa, 19:30ean irtengo da Bulebarretik. Ekimen garrantzitsua izango den arren, ez da egun honen harira antolatutako bakarra. Izan ere, Udalaren Berdintasun Atalak gaur ezagutarazi du, Giza Eskubideen atalaren lankidetzarekin aipatutako elkarteekin osatutako egitarau bateratua.
Udalak prestatutako ekimenek hausnarketarako guneak eta foroak bultzatu nahi dituzte. Berdintasun erreala lortzeko bidean, sexualitateari buruzko gogoeta izango dute ardatz. Berdintasun zinegotzi Naiara Sanpedroren ustetan, “eredu heterosexuala soilik ulertzen da praktika zilegi bezala, eta eredu honetatik kanpo geratzen diren beste sexualitateak bereizkeria jasan behar dute”. Prentsaurrekoan parte hartu duen Eñaut Otazok, LGTB errealitatea bai lan munduan baita eskoletan ere “modu abegitsuan lantzeko” eskatu du, jazarpen kasuetako askok lesbofobia eta homofobian oinarri dutelako. Ildo horretatik, Transmarikabollo koordinadoraren izenean hitz egin zuen Medeakeko Aurora Iturriozek, gorputz askatasuna aldarrikatu du. “Denon gorputzak anitzak direlako eta gozatzeko moduak ere anitzak direlako ospakizuna ez dago LGTB bakarrik bideratuta”.
Berdintasunaz gain, Gehituk antolatutako egitarauak hiesa ere izan du ardatz. Izan ere, 30 urte betetzen dira gaitz honen lehen kasuak atzeman zirenetik, eta Gehituk iazko abenduaren 1ean abian jarri zuen gib-a atzemateko proba. Otazoren hitzetan, hilean 15-20 lagunek egiten dute azterketa Groseko egoitzan.
Aldarrikapen eguna bezala ospatzeko, udaletxeko balkoian pankarta eta ostadar bandera jarriko dituzte. Donostiabusek ere bat egingo du LGTB kolektiboen askapenerako egunarekin, eta hiriko autobus guztietan ortzadar bandera eramango dute bihar.
Zilarrezko Gehitu saria
Urtero bezala, Gehituk LGTBen eskubideak ondoen defendatu dituen pertsona edo erakundeari Zilarrezko Gehitu saria eman dio ekainaren 28ko aldarrikapenen harira. Aurten, AMPGYL (Gay eta lesbianen aita eta amen elkartea) elkarteko presidente Ester Nolla Mirok jaso du. Mavi Tabernerok seme-alaba LGTBak dituzten gurasoen lehen elkarteko presidentea beste gurasoentzat eredu bilakatu dela azpimarratu du, eta hautaketaren arrazoiak zerrendatu ditu: “izandako aktibismo sendoagatik, eskainitako adibide ordainezinagatik eta aniztasunean hezteko bere modu baikorragatik”. Nollak “hunkituta” jaso du saria. Bere eskertza hitzetan aitortu duenez, semeak gay zela jakinarazi zion unea “gogorra” izan bazen ere, “familia zoragarria sortzea ekarri du, eta horregatik, nire burua zoriontzen dut seme homosexuala izateagatik”. Hala ere, LGTB diren gazteentzat bizitza “oso zaila eta gogorra” dela baieztatu du. Heterosexualitatea jaiotzetik uste izaten da, eta horrek gizartean tokia egitera behartzen ditu. “Gay dela esaten dizutenean ez dizute aitortza egiten, ez dira pribatutasunaz ari, espazio soziala eskatzen ari dira”, argitu du Nollak.
Egoera horretan dauden gurasoei, guraso elkarteetara jo eta bizipen bera izan dutenekin hitz egitea aholkatu die, horrek aldaketa onartzen lagunduko baitie.«Zure familian baldintza berdinetan integratzeko egiturak sozial eta afektiboak berregituratu behar dituzu. Familia ez da onartzea, partekatzea baizik».
Egitaraua
- Asteazkena 29. Coral Herreraren Mas alla de las etiquetas hitzaldia. Koldo Mitxelena, 19:30ean
- Ekainak 30, osteguna. Al-Al project. Logos musika emanaldia eta bideo artea. Viktoria Eugenia Kluba, 21:00etan.
- Uztailak 1, ostirala. Emakumeentzako jolas sexu tailerra, Emakumeen Etxea, 19:00etan.
- Uztailak 4, astelehena. Nomantxakolorea hilekoa birpentsatzen tailerra. Emakumeen Etxea, 18:00etan.
- Uztailak 5, asteartea. Nomantxakolorea hilekoa birpentsatzen tailerra. Emakumeen Etxea, 18:00etan.
- Uztailak 7, osteguna. Film labur feministen emanaldia. Emakumeen Etxean, 19:00etan.