Bon Joviren kontzerturako sarrerak 20 eurotan daude
Jon Bon Jovik, Richie Samborak, David Bryanek eta Tico Torresek ez dute inork huts egitea nahi. Bon Joviren zale guztiak nahi dituzte Anoetan, hurrengo uztailaren 29an. 30.000 sarreratik gora saldu dira jada, eta gaur txartel gehiago jarriko dituzte salgai. Sarrera berri hauek salneurri berezia izango dute. Gaur 10:00etatik aurrera 20 eta 40 eurotan erosi ahal izango dira. Harmailetako eserlekuak izango dira. AEBetako taldeak ez du sarreren prezioa dela eta bere zaleak etxean geratzea nahi, eta eskaintza berezi hau egin die. Ticketmaster.es eta Doctormusic.com webguneetan; 902150025 telefono zenbakian; eta Fnac-en eskura daitezke. Beste sarrera arruntak 56, 90 euro (pistakoa) eta 250 euro (Diamond Ring VIP Experience) bitartean daude salgai. Anoeta estadioak 40.000 biltzeko edukiera izango du.
Bon Joviren Europako bira ekainaren 8an hasi zen Zagreb-en (Kroazia). Donostian Bartzelonan jo ondoren izango dira. Hiru orduko ikuskizuna egiten ari dira, eta 30 urteko ibilbideko abesti arrakastatsuenak jotzen ari dira zuzenean: ‘Livin’ on a prayer’, ‘It’s my life’, ‘Saturday Night’, ‘I’ll be there for you’, ‘You give love a bad name’ eta ‘Blaze of glory’, besteren artean.