Donostia 2016: Azterketaren emaitza, bihar, 17:00etan
Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia, Zaragoza ala Donostia. Bihar, 17:00etan, jakinaraziko du epaimahai buruak 2016. urtean Europako Kultur Hiriburu nor bihurtuko den. Marisol Garmendia hautagaitzako arduradun ohiak azaldu bezala, hiru urteko lan gogorraren ondoren, ikasgaia ondo menperatuta dago, azterketaren emaitza ezagutzea besterik ez da falta.
Juan Karlos Izagirre alkateak «itxaropen handia» duela adierazi du, epaimahaiaren aurreran egindako 30 minutuko defentsa bukatu ostean. Hautagaitzaren apustua garbia dela azaldu du, halaber. «Ziur gaude Euskal Herrian irekiko den aro politiko berriari ekarpen garrantzitsua egingo diola», esan du. Elorzak, ordea, adierazpen gogorrak egin zituen defentsara sartu aurretik, Bilduk elkarbizitza eta errespetua zer diren ez dakiela esanez. Donostiako hautagaitzak kultura baliatu nahi duela elkarbizitza demokratikoa sortzeko, eta horregatik dela hautagaitza ona gaineratu du.
Biek ala biek, Kontxako badiaren aurrean, Donostiaren indarguneak goraipatzeko egindako irratsaio modukoan hartu dute hitza. Egungo alkateak euskaraz egin ditu adierazpenak eta euskara eta euskal kultura izan ditu hizpide.
Ordezkari politikoekin batera, Santi Eraso, Eva Salaberria, Ainara Martin eta Loreto Rubio 2016ko proiektuaren arduradunek, Jon eta Alain Maia dantzariek, Ainara Ortega abeslariak eta Edu Yañez kazetariak parte hartu dute aurkezpenean. Musika eta dantzak zipriztindutako saioa izan da, hortaz. Aurkezpena borobiltzeko, gainera, denek elkarrekin Xabier Leteren Izarren hautsa kanta abestu dute.
Jaiotze tasa
Fernando Bernuesen esanetara prestatutako aurkezpenarekin, aldiz, ez dute egitekoa amaitu, epaimahaiaren galdera zorrotzak erantzun behar bitituzte. Ordubeteko galdeketa izan da eta gehienak programazio eta proiektuaren inguruko zalantza teknikoak izan dira. Zur eta lur utzi dituen beste galdera honi erantzun behar izan diote, era berean: Nola eragingo dio Europako Kultura Hiriburu bihurtzeak jaiotze tasari?
Erantzuna epaimahaiaren gustukoa izan den bihar jakingo dute aurkezpenean parte hartu dutenek eta haiekin batera proiektuari babesa eskaintzera Madrilera joan diren ordezkariek. Udal talde guztietako ordezkariak hurbildu dira Jantziaren Museora. Bilduko Jon Albizu, PSE-EEko Marisol Garmendia eta Ernesto Gasco, PPko Jose Luis Arrue eta EAJko Eneko Goia. Eusko Jaurlaritzatik, berriz, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Guillermo Etxenike Kanpo Harremanetarako idazkaria.


