Nazioarteko Hipika Lehiaketa jokatuko dute Loiolan
Loiolako Hipikan, Nazioarteko Hipika Lehiaketa egongo da jokoan, ostiraletik igandera. Hiriko kirol lehia zaharrenetarikoa da eta dagoeneko, 220 zaldik eta 100 zaldizkok baino gehiagok eman dute izena. Beraz, hesi jauzietako nazioarteko zaldizko onenak ikusteko aukera egongo da. Partaideen artean, ez du hutsik egingo Jesus Garmendia donostiarrak.
Ikusleentzako sarrera doakoa izango da eta, egunean, lau proba egongo dira jokoan, 10:00etatik 20:00etara. Lehiarik garrantzitsuena, larunbat arratsaldeko Iberia Saria izango da. Bertan, 23.000 euro banatuko dituzte saritan eta, FEI Rolex Rankingerako puntuagarria izango da. Donostiako Udala Saria eta Kutxa Garaikurra izango dira beste bi proba garrantzitsuak.
Txikienentzako, Poni Park
Poni Parkean ibiltzeko aukera izango dute, asteburuan Loiolako Hipikara hurbilduko diren haurrek. Bertan, zaldian ibiliko dira txikienak, begirale berezituen laguntzarekin. Poni Parka doakoa izango da eta ostiraletik igandera egongo da zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.