Eserlekuak pilatuta Trueba barrualdean (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Proiekzio gelak digitalizatu eta aretoak eraberrituko dituzte; irailean irekiko dituzte berriz ateak
Zinema zaleentzako berri onak dakartza Groseko Trueba aretoak. Garai berrietara egokitzeko, eta ikusleei atsegin emateko proiekzio gela eta aretoak berritu egingo ditu. Hiriko zinema areto txikiena bi hilabetez itxita egongo da, eta irailean zabalduko dute berriz.
Igandean itxi zuten Trueba. Woody Allen-en ‘Midnight in Paris’, Michael Winterbottom-en ‘The Shock Doctrine’ eta Eran Riklis-en ‘The journey of the human resources director’ filmeekin esan zien gero arte ikusleei. «Trueba berrian digitalizazioaren aldeko apustua egin dugu. Igandean proiektatu genuen azken aldiz 35 mmtan», azaldu du SADE enpresako Iñaki Elorzak. Aurrerantzean proiekzio guztiak digitalak izango baitira: «Proiekzio gela berriztatu egingo dugu, hori izango da berrikuntzak ekarriko duen aldaketa nagusia. Proiekzio makinaren ohiko zarata desagertu egingo da. Beharbada zinemak xarma galduko du, baina… Argazkigintzan ere gauza bera gertatu da». Principe eta Antigua Berri ere digitalizatzen hasi dira pixkanaka: «Antiguako 7 eta 8 aretoak digitalizatu berri ditugu. Hori izango da etorkizuna. Argi dago».
Eserlekuak kentzen hasi dira (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Hogei urte dira Trueba ireki zutenetik. Elorzaren ustez, «berrikuntzan inbertsioa egitea behar beharrezkoa zen, are gehiago zinema bezalako sektore dinamiko batean. Berritzen ez baduzu, ikusleak beste areto batzuekin konparatzen hasten dira; film batzuk beste areto batzuetan ere ikus daitezke eta». Berritze lanak, beraz, Trueba modernizatzeko asmoz hasi dituzte. Halere, filmeen programazioak bere horretan jarraituko du: «Filmak jatorrizko bertsioan ematen jarraituko dugu, eta zinema komertzialetik aldentzen diren proposamenak eskainiko ditugu. Hasiera hasieratik egin genuen apustuari eutsi egingo diogu. Gaur arte mantendu dugun erakusleihoa mantenduko dugu», ziurtatu du Elorzak. Zinema banatzaile txikiak, hain zuzen, kopiak digitalizatzen hasi dira: «Formatu digitalak kalitate handiagoa ekarriko du Truebara, bai irudi aldetik, baita soinu aldetik ere».
Eserleku erosoagoak
Proiekzio gela ez ezik, Truebako bi aretoak ere berriztatuko dituzte: «Eserlekuak harmailetan jarriko dira, eta beraz, filmak hobeto ikusi ahal izango dira. Gainera, ikusleak erosoago egongo dira eserleku berrietan, zabalagoak izango baitira. Eta norbait, proiekzioan komunera joateko altxatzen bada ez die beste ikusleei traba egingo eserlekuen arteko distantzia handiagoa izango baita». Aretoaren edukiera txikiagoa izango da, ordea. Areto handiak 221 eserleku zituen, eta berriak 169 izango ditu. Txikiak, berriz 103. «Erosotasuna, aretoen modernizazioa eta digitalizazioaren alde egin dugu berrikuntza. Gure betiko zaleak mantentzea, eta ahal bada ikusle gehiago erakartzea da gure helburua. Kalitate eta erosotasun gehiago, ikusle gehiago», laburbildu du Elorzak.
Ikusleak mantendu ditu
Hain zuzen, azken urteotan ikusle kopuru bera mantendu duen zinema areto bakarra dela dio Elorzak: «Zinemaren sektorea oro har sektorea ikusleak galtzen ari da urtez urte. baina Trueban mantendu egin ditugu. Gorakada nabaritu dugu Woody Allenen azken filmarekin. Arrakasta handia izan du. Principen bikoiztuta eskaini dugu, eta emanaldi batzuetan arrakasta handiagoa izan du Trueban. Zenbait ikuslek nahiago dute jatorrizko bertsioa».
Kanpoaldean ere aldaketak egingo dituzte: «Pantaila digital informatiboak, trailerrak, etorkizuneko estreinaldiak iragartzen dituzten pantaila gehiago… Erabat modernizatuko dugu. Ez du zerikusirik izango egungo Truebarekin». Truebaren ondoko jatetxea, Bocatta ere itxi egin dute. Haren ordez Cinema Corner taberna zabalduko dute irailean: «Pintxoak, entsaladak eta razioak izango dira. Zinema liburutegi txiki bat, wi-fi eta Trueban proiektatuko diren filmeen trailerrak ikusi ahal izango dira». Trueba berria iraileko lehenengo edo bigarren asterako irekitzea espero du SADEk: «Zinemaldirako dena prest egotea gustatuko litzaiguke».
Bocatta jatetxea ere itxi egin dute. Cinema Corner taberna irekiko dute irailean (Argazkia: Nerea Lizarralde)