Filmen finantzatze parte hartzailearen inguruan bilera egingo dute
Lehen Crowdfunding topaketa egingo dute ostegunean, Koldo Mitxelena Kulturunean
Krisiak asmamena zorrozten duela esan ohi da. Hain zuzen ere, erakunde publiko eta bankuek lokarria estutu zutenetik, ekimen berezia abian jarri dute hainbat sortzaile eta eskoizlek. Film eta musika lanak sortzeko finantzaketa lortzea ia ezinezkoa izan da askorentzat. Horregatik, euren lanak kaleratu ahal izateko beste bide batzuetan aurkitu dute irtenbidea. Crowdfunding metodoa azken aldian indarra hartzen ari den autofinantzaketarako ereduetako bat da.
Internet, ohiko topagunea
Dirua biltzeko dohaintza sistema moduko bat da; inbertsore txikiak sortzen ditu. Diru kopuru baten truke film edo disko baten ekoizlea izan daiteke edonor. Gisa honetako sareak sortzeko bidea internet izan ohi da. Diru eskaintza egiten duenak egindako inbertsioaren araberako irabaziak jaso ohi ditu. Ale txiki bat eskainiz, hainbat lan plazaratzen ari dira azken aldian. Euskal Okela elkartea, esaterako, Euskal Herriko lehen zonbi filma egiten ari da.
Donostia Films-ek Arteleku eta Tabakalerarekin elkarlanean lehen Crowdfunding bilera antolatu du bihar Koldo Mitxelenan, 16:00etan. Topaketaren helburua parte hartze, kudeaketa eta ekoizpen eredua zabaltzea eta ezagutzera ematea da.
Crowdfundingaren aditua den Sandy Liebersonek parte hartuko du bilera honetan. Blade Runner, Star Wars, Thelma & Louis eta Alien filmeen ekoizlea da. Verkami, Goteo eta Fandyu plataformek ere euren esperientziak kontatuko dituzte. Donostia Filmseko zuzendariak Alejandro Urrusolok El activista proiektua aurkeztuko du. 300.000 euro lortu ditu jada film interaktibo eta transmedia honek. Arros Movie, Queremoshacerunapelicula.com, El Cosmonauta eta Proyecto Suziedades ere bertan izango dira. Bileran parte hartzaile guztien ideiak zabaldu nahi dituzte, eta streaming bidez emango dute Koldo Mitxelenaren webgunean.