Ivo Pogorelitx pianista, Viktoria Eugenian
Frederic Chopin konpositorearen obra izango da programaren ardatza bihar egingo duen kontzertuan
1983an jo zuen lehen aldiz Viktoria Eugenia Antzokian, eta harrez gero behin eta berriz itzuli da Donostiara. Ivo Pogorelitx (Belgrado, 1958) munduko auditorio nagusienetan jo du orkestra onenekin. New Yorkeko Carnegie Hall-en eman zuen lehen errezitaldia, eta AEBetan ez ezik, Kanada, Australia, Japonia, Hego Amerika eta Europan ere arrakasta handia lortu du.
Ekainaren 29an, asteazkena, 20:00etan, Frederic Chopin-en piezak joko ditu. Parisii laukotearekin izango da eszenatokian. Parisko goi mailako kontserbatorioko lau ikaslek sortu zuten Parisii taldea, eta hogei urteko ibilbidea egin dute jada. Viktoria Eugeniarako sarrerak 45, 36 eta 29 eurotan daude salgai.