Energia berriztagarriak erabiltzen hasi nahi dutenek inoiz baino errazago eta merkeago dute orain. Izan ere, Ennerak eta Kutxa Ekoguneak horiek sustatzeko Energiaro egitasmoa abian jarri baitute.
Energiaro proiektua sustatu duten erakundeen arduradun Agustin Iturrioz eta Mikel Insausti (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Energiari dagokionez, bere paisaia bezain berdea bilakatu nahi du Gipuzkoa Kutxa Ekoguneak. Helburu hori lortzeko, Ennera enpresarekin batera, Energiaro ekimena abian jarri zuen orain bi urte. Egitasmoa diseinatu eta prestatu ondoren, energia berriztagarrien ekonomia eta ingurumen bideragarritasuna frogatzea helburu dute. Horretarako eguzki plaka fotovoltaikoak eta eskala txikiko aerosorgailuak eremu publikoetan nahiz pribatuetan jartzeko 60 proiektu abian jarriko dituzte. Kultur etxe, kiroldegi, udaletxe… egokia den proiektua dela uste dute sustatzaileek eta, bereziki udalentzat. “Une ona da orain eratu berri diren udalentzat, datozen urteetan egin beharrekoa erabaki behar baitute”, baieztatu du Ekoguneko zuzendari Mikel Insaustik. Jada 15 proiektu dituzte esku artean. Parte hartuko duten ikastetxe, kiroldegi eta erakundeen artean, Antiguako Larramendi Kristau Eskola eta Kutxa Ekogunea bera.
Europako Batasunak 2020 urterako finkatu zuen energiaren azken kontsumo gordinaren %20 gutxienez iturri berriztagarrietatik etortzea. Egun %6a besterik ez da. Petrolioarekiko menpekotasuna murriztu eta helburua lortzeko urratsak egiteaz gain, sustatzaileen hitzetan, proiektu hauen gauzatzeak urtean ia 800 tona CO2 botatzea eragotziko du; hau da, 48.000 zuhaitzek urtean jasotzen duten kutsadura.
Nola parte hartu
Gizarteak kontzientzia hartu badu ere, finantziazioak energia berriztagarrietara jotzea zailtzen duela uste du Ennerako zuzendari Agustin Iturriozek. Testuinguru ekonomikoa ez da inbertsio hauetarako ona, Energiarok oztopo hori saihestea helburu du,”zorpetu edo inbertsio handia egin beharrik gabe”. Izan ere, azalera publiko nahiz pribatuan egingo diren instalazioek ez baitute inolako kosturik izango kontratatzailearentzat.
Energia berriztagarrietara pausoa eman nahi dutenek bultzatzailearekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar. Ennerak bideragarritasunari aztertuko du, eta diagnosikoa ona bada, epe laburrean gauzatuko dute instalazioa. Iturriozek zehaztu zuenez 2.000 metro koadro inguruko lursaila edo estalkia beharko litzateke. Gunearen baliabide nagusiaren arabera, Ennerak plakak, errotak edota biak erabiltzea erabakiko du. Kontratuek 25 urteko iraupena izango dute plaken kasuan, eta 20 urtekoa errotei dagokienez. Hala ere, 5 urte igarotzean, sistema erosteko aukera emango diete erabiltzaileei, finantzaketa erraztasunak emanez. urtetik aurrera. Partaideek emaitzak ikuskatzeko aukera izango dute uneoro, eta %6ko errentagarritasuna duen produktua eskainiko zaio.
Sortutako energia sarera konektatuko da, beraz modu ez zuzenean kontsumituko dute. Hala ere, hilabete gutxiren buruan, lege aldaketa izango dela aurreratu zuen Iturriozek. Honek fakturetan isla izatea ekarriko du. Izan ere sortu eta kontsumitzen ez den energia sarera pasatuko da, baina kontsumoarekin duen aldearen arabera ordainketan murrizketa izango da.
Erradiazio urriaren “mitoa”
Ennerak eta Ekoguneak sustatutako proiektua Kutxak eta Nafarroako Rural Kutxak finantzatuko dute. Lau milioi euroko aurrekontua du, eta estatuan egin den maila txikiko energia sorrera egitasmo handiena da. Hau prestatzeko, atzerriko ereduak kontuan hartu dituzte; besteak beste, AEB, Frantzia edo Alemaniakoak. Gipuzkoak energia berriztagarrien potentzia baliatzeko klima baldintzak betetzen ez dituen usteari buruz, Insaustik “mito hutsa” dela esan zuen. “Alemanian eguzki erradiazioa txikiagoa da eta liderra da Europan. Atentzio deia da, ditugun baliabideak kontuan hartuta, egun posible dela erakutsi nahi dugu”.